Eskolako espazio falta konponduko dutela diote

Anboto 2012ko api. 13a, 15:18

Zelaietako eskola handitzeko lanak bere gain hartzeko konpromisoa berretsi du Jaurlaritzak

Zelaietako eskola handitzeko lanak bere gain hartzeko konpromisoa berretsi du Jaurlaritzak.

 

Zelaietako eskola publikoan jantokia handitu, gimnasio berria egin eta oztopo arkitektonikoak leuntzeko lanak abiatuko dituztela jakinarazi du Abadiñoko Independenteak taldearen gobernu taldeak. Eusko Jaurlaritzak 660.249 euroko aurrekontua daukan proiektua onartu du. Obraren hasiera data Jaurlaritzaren aurrekontuaren araberakoa izango da, eta sei hilabeteko exekuzio epea izango du, Jose Luis Navarro alkateak esan duenez.

 

Abenduan argitaraturiko gutun batean, Zelaietako eskolako guraso elkartekoek kritikatu zutenez, eskolako jantokia eta gimnasioa handitzeko behar larria zegoen. Eskolaren egoeragaz “oso arduratuta” agertu ziren.

 

Jantokia eta gimnasioa bezala, eskola publikoaren gainontzeko azpiegiturak ere txiki geratu dira, eta ados daude Abadiñoko udaleko hiru alderdiak. “Herria handitu ahala hezkuntzarako azpiegiturak ere handitzeko beharra edukiko genuela iragartzen urteak daramatzagu”, dio Bilduko Saioa Zuazubizkarrek. “Jantokiko eta gimnasioko obra honek ez du arazo orokorra konpontzen: eskola txiki geratu da”, dio EAJko Eneko Etxebarria bozeroaleak.

 

Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak ere onartu du eskola handitzeko beharra, eta konpromezua hartu du bere gain hartzeko gela gehiago egiteko lanak. Hala ere, Jaurlaritzak oraindino ez du lanen hasiera datarik finkatu.
Negoziazioetan dabiltza udaleko hiru alderdiak, eskola handitzeko eta haurreskola ere egokitzeko proiektua adosteko, eskolako zuzendaritzagaz, eta Hezkuntza sailagaz batera. Kokapen egokia eta proiektuak dauzkate eztabaidagai. Hil honetarako aurreikusten du udalak aukeretako bati heldu eta aurrera egitea. 

 

 

 

 

Gimnasioa eta jantokia handitzeko proiektua abian

 

Eusko Jaurlaritzak lehiaketara ateratako proiektuak jasotzen duenez, solairu bateko eraikin bat egingo dute Zelaietako eskolako gimnasioaren aldamenean. Jantokiaren leku faltari konponbidea emateko helburuz, orain arte gimnasioak hartzen zuen lekua hartuko du jantokiak. Horrela, eraikin berria egingo dute orain dagoena baino gimnasio handiagoa edukitzeko.

 

“Jantokia handitzea da lehentasun handieneko obra”, Jose Luis Navarro alkatearen berbetan: “Ume guztientzako lekurik ez dago, txandak antolatu behar dituzte jantokian orain”.

 

“Oso pozik" agertu da berriztatze proiektu honegaz alkatea, Abadiñoko Udalak eta Zelaietako eskolako zuzendaritzak Jaurlaritzari hainbat bider eskatu dioten proiektua gauzatzea ekarriko duelako. "Oso beharrezkoa zen proiektua, eta oso pozik gaude obrei ekingo dietelako", dio Abadiñoko Indepenidenteak taldeko Navarrok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!