"Errudun bat behar zutelako atxilotu ditu Ertzaintzak"

Anboto 2012ko api. 13a, 10:37

Ertzaintza atxiloketa erabiltzen dabil, \'erantzukizunik hartu ez eta bere burua zuritzeko\', atxilotutako 26 urteko abadiñarraren lagunek diotenez. Etxean dago dagoeneko gaztea, atzo, epailearen aurrera eroan ondoren

Ertzaintza atxiloketa erabiltzen dabil, "erantzukizunik hartu ez eta bere burua zuritzeko", atxilotutako 26 urteko abadiñarraren lagunek diotenez. Etxean dago dagoeneko gaztea, atzo, epailearen aurrera eroan ondoren. 

 

Gertatutakoa estali gura du Ertzaintzak kasuan beste pertsona batzuk inplikatuz”. Hori adierazi dute Durangon atxilotu duten gazte abadiñarraren lagunek. Eguaztenean atxilotu zuen Ertzaintzak, baita Bilboko beste gazte bat ere. 26 eta 22 urte dituzte, hurrenez hurren, eta pasa den eguenean Bilbon gertatutako liskarretan parte hartu izana egotzi diete, Atheltic-Schalke 04 futbol partidua amaitu ostean. Epailearen aurrera eraman zituzten atzo gauean, eta Ertzaintzak lesio delitua leporatzen die.

 

Bilboko Maria Diaz de Haro eta Licenciado Poza kaleetan izan ziren gertaerak. Ertzaintzak esan duenez, hainbat herritarrek dei egin zuten komisaldegira, lurrean pertsona bat etzanda zegoela eta borroka egon zela ohartarazteko. Ondoren, eta Ertzaintzaren bertsioren arabera, borrokan zebiltzanen aurka kargatu zuten. Bi gazte horiek dira ustez, futbol partidaren ostean, Ertzaintza Indautxura erakarri zuen borroka hasi zutenak; lekukoen arabera, ordea, borrokak ez zuen Ertzaintzaren kargarekin zerikusirik izan.

 

Pilotakada batek, Barakaldoko Iñigo Cabacas gaztearen buruan jo zuen, eta, forentsearen txostenak baieztatu duenez, pilotakada horrek 28 urteko gaztea hil egin zuen. Hainbat egun koman egon ostean, astelehenean hil zen Cabacas, eta gero etorri dira atxiloketak.

 

Abadiñoko gaztearen lagunek euren haserrea agertu dute. Haien ustez, “Ertzaintzak ez du gertatutakoaren erantzunkizuna bere gain hartu gura eta, horregatik, errudunak bilatzen dabil, euren burua zuritzeko”. Gaztea etxean dago dagoeneko.

 

Abokatuak atzo jakinarazi zutenez, familiakoek ezin izan zuten gaztea ikusi, ezta berak ere. Hasieran, ofiziozko abokatu baten esku utzi zuten abadiñarraren kasua, baina, gazteak ez zuen deklaratu gura izan, epailearen aurretik pasatu arte. Baina, azken hori ere ertzainek adierazi duten bertsioa dela ohartarazi zuen abokatuak.

 

Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak adierazi izan duenez, Ertzaintzaren gomazko pilota batek eragindako heriotza, ustezko zuhurtzia gabeko hilketa izan daiteke. Hala ere, ustekabeko gertaera izan daikeela ere azaldu izan du.

 

Atxiloketa Elorrion

Pasa den martitzenean, Elorrion,  Ertzaintza hiru gazte identifikatzen saiatu zen, Cabacasen heriotza salatzeko pankarta bat jartzeagatik. Lekukoen arabera, plazan, Ertzaintza pankarta bat kentzen zebilela, gazte batek aurre egin zien. Agenteek identifikatzeko eskatu zioten, eta gazteak ezezkoa erantzuterakoan, atxilotu egin zuten. Arau-hauste delitua egotzita aske utzi du ertzaintzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!