Zelaietako eskola berriztatzeko proiektua

Anboto 2012ko api. 2a, 10:00

Zelaietako eskola publikoan gimnasio bat eraiki eta oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak abiatuko dituztela jakinarazi du Abadiñoko Independienteak taldeko gobernu taldeak. 660,249 euroko aurrekontua daukan proiektua burutuko duen enpresa hautatzeko lehiaketa publikoa deitu du Eusko Jaurlaritzak

Zelaietako eskola publikoan gimnasio bat eraiki eta oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak abiatuko dituztela jakinarazi du Abadiñoko Independienteak taldeko gobernu taldeak. 660,249 euroko aurrekontua daukan proiektua burutuko duen enpresa hautatzeko lehiaketa publikoa deitu du Eusko Jaurlaritzak.

 

Proiektuak jasotzen duenez, solairu bateko eraikin berri bat altxatuko dute Zelaietako eskolan. Hainbat kiroletan jarduteko egokituko dute gimnasio berria hartuko duen eraikina.

 

Gobernu taldeak jakinarazi duenez, arrapala eta igogailua ere ipiniko dituzte eskolako oztopo arkitektonikoak leuntzeko helburuz, eta "eskolako jantokia handitzea" ere jasotzen du Jaurlaritzaren proiektuak.

 

Abadiñoko Udalak eta eskolako zuzendaritzak Jaurlaritzako Hezkuntza sailari hainbat aldiz eskatutakoa delako, "oso pozik" agertu da Jose Luis Navarro alkatea berriztatze proiektagaz. "Oso proiektu beharrezkoa zen, eta oso pozik gaude obrei ekingo dietelako", dio Jose Luis Navarro alkateak.

 

Sei hilabeteko iraupena izango dute, behin lehiaketa publiko horren bitartez lanak enpresa bati esleituta, Zelaieta eskolan burutuko dituzten lan horiek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!