Abiadura Handiko Trenaren lanak burutzen diharduen Adif enpresak Atxarteko harrobi izandakoaren berreskurapen proiektu bezala aurkeztu duena, “hondakindegi erraldoia” dela adierazi dute Durangaldeko Bilduk eta AHT Gelditu! Elkarlanak, Errota kultur etxeko agerraldian.
AHT eraikitzeko obretan sortzen dituzten “lur soberakinak Atxarteko harrobia berreskuratzeko erabiltzea” jasotzen du Adif enpresaren proiektu horrek.
Onartezina deritzote Bildu eta AHT Gelditu-k “Urkiolako Parke Naturalaren bihotzean, eta Ingurumenaren Eraginaren Azterketarik egin gabe honelako ezaugarriak dituen egitasmo bat garatu nahi izateari”.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailean helegitea aurkeztu dute Abadiñoko Bilduko zinegotziek, “hartutako erabakia atzera bota, edo ezinbestekoa den Ingurumen Eraginaren Azterketa egin dezatela” eskatzeko.
Eusko Jaurlaritza, Abadiñoko Udala eta Adif “arduragabekeriaz jokatzen ari dela” kritikatu dute. Abadiñoko Udalaren eta Urkiolako Parke Naturaleko jarrera ere gaitzetsi dute: “orain arte isilik egon baita”.