Adif enpresak Abadiñoko udalari aurkezturiko Atxarteko harrobia izandakoaren “berreskurapen proiektuaren eta ingurumen-agiriaren” kopiak eskatuz, ekimen bi erregistratu ditu Aralarrek Legebiltzarrean.
Orain aste batzuk jakin zen Ingurumen sailak ez zuela Adif-en proiektuaren ingurumenaren inpaktuaren ebaluaziorik beharrezko ikusten. Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak, “inguruak daukan ingurumen balioa” lehenetsi dezala eskatu dio Ingurumen sailari: “Beldur gara euren helburua AHTren obretatik ateratako soberakinak, ezelako ingurumen alorreko irizpiderik gabe bertan uztea izango dela”. Beharrezko ikusten du ingurumen eraginaren ebaluazioa Aralarrek.
Martxoaren 30eko kontrolerako osoko bilkuran, bestetik, Atxarte berreskuratzeko egitasmoaren inguruan galdetuko dio Maeztuk Unzalu sailburuari.