Aho batez onartu dute Abadiñoko Independienteak, EAJ eta Bilduko zinegotziek, beharrizana duten abadiñarrak "zaharren egoitzan sartzeko udal laguntzak arautzen dituen ordenantza”.
“Bizkaiko Aldundiak eskaintzen dituen zaharren egoitzetako plazetatik kanpo geratzen diren herritarrak, dependentzia maila larririk eduki ez arren beharrizana badutenak laguntzeko” helburuagaz landutako arautegia biltzen du atzoko plenoan aho batez onartutako ordenantzak. Zaharren egoitza ordaindu ahal izateko Udalaren diru-laguntza jasotzeko zeintzuk baldintza bete behar diren zehazten du ordenantza berriak.
“Aldundiaren laguntza borobiltzen du ordenantza honek, eta oso beharrezko ikusten dugu krisi sasoian gizarte laguntzak garatzea”, esan, eta alde bozkatu zuten Bilduko zinegotziek. Oposizioko beste alderdiak ere, EAJk, “oso positibo ikusten dugu” adierazi ordenantza onartzearen alde egin zuen: "aurretik egondako arazo batzuk konpontzera dator ordenantza hau".