Hildako baten ia eskeleto osoa aurkitu zuten atzo Traña-Matienan, tren geltokiaren atzealdean.
Herritar batek domeka eguerdian abisua eman zion Ertzaintzari. Bertaratu zirenean aspaldi hildako pertsona baten hezurrak zirela ohartu zen Ertzaintza. Anbotori adierazi diotenez ia eskeleto osoa aurkitu zuten. Oraindik ezin izan dute zehaztu gizonezko edo emakumezko batenak diren eta ezta zenbat denbora zeramaten han ere.
Hezurrak Bilboko Auzitegiko medikura bidali dituzte eta han, besteak beste, ADN probak egingo dizkiote. Ondoren, datu horiek Ertzaintzaren datu basearekin alderatuko dituzte, gorpua norena den jakiteko.