Laurogehi senide eta lagunek hartu zuten parte zapatuan Frantziako Poitiers-Vivonne kartzelan preso dauden Gorka Azpitarte, Saioa Sanchez, Maite Aranalde eta Eneko Zarrabeitia abadiñarrari "elkartasuna adierazteko" Frantziako espetxeraino burutu zuten martxan.
"Poitiers-Vivonne espetxeko zuzendaritzak bertan diren preso politikoei ezartzen dizkien zigor sistemikoak" bertan behera utz ditzatela eskatu zuten martxa horretan parte hartu zutenek.
Agerraldia burutu zuten espetxearen kanpoaldean, 11:00etan, eta "preso politikoekiko jazarpenaren amaiera eskatzen" duen gutuna eta sinadurak eman zizkioten espetxeko zuzendariari.
"Elkartasunaren beroa hormen bestalderaino eramatea lortu" dutela uste duelako, pozik agertu dira martxan parte hartu zuten abadiñarrak.