Abadiñoko LHko bosgarren eta seigarren mailako 26 gaztetxok hartuko dute udalak bigarren urtez antolatu duen tailerrean.
Asteon abiatu dute tailerra, eta ekainera arte batuko dira “ikasleak euskarazko irakurketaren mundura era atsegin eta jostagarrian hurbiltzea” helburu duen tailerrerako izena eman dutenak. Peru Magdalena idazle eta bertsolari durangarrak gidatuko ditu ikastaroaren saioak.
Hainbat generotako testuak irakurri, eta horiek lantzeko komikiak, idazlanak eta bestelako lanak sortuko dituzte ikasleek.
Hilean behin, Traña-Matienako Errota kultur etxean —astelehenetan— eta Zelaietako udal mediatekan —eguaztenetan—elkartuko dira irakurketa eta sorkuntza tailerrerako izena eman duten gazte abadiñarrak.