Indarkeria Bako Gunea ipiniko dute Ferialekuan

Anboto 2012ko ots. 3a, 09:31

Indarkeria sexistaren inguruko informazioa eskainiko du Emagin dokumentazio eta ikerkuntza zentro feministak. Postua Ferialekuan bertan egongo da zabalik, gaur, San Blas egunez, 12:00etatik 14:30era eta 18:00etatik 22:00etara

Indarkeria sexistaren inguruko informazioa eskainiko du Emagin dokumentazio eta ikerkuntza zentro feministak. Postua Ferialekuan bertan egongo da zabalik, gaur, San Blas egunez, 12:00etatik 14:30era eta 18:00etatik 22:00etara.

 

Berba desatseginak, lizunak, adarjotzeak, gorputz ikutuak... jai giroan jokabide sexistak hainbat izan daitezkeela konturatu eta horien kontrako jarrera bultzatzeko asmotan, postu berezia ipiniko dute San Blas Egunean Ferialeku Plazan: Indarkeria Sexista Bako Gunea.

 


Emagin dokumentazio eta ikerkuntza zentro feministaren eskutik, eguerdi partean 12:00etatik 14:30era eta iluntzean 18:00etatik 22:00etara egongo da postu hori zabalik, eta bertan indarkeria sexistaren gaineko hainbat informazio ipiniko dute eskuragai.

 


Abadiñoko Udaleko berdintasun teknikari Aitziber Goitia Martinezek azaldu duenez, “badirudi, jaietan gertatzen denak ez daukala zerikusirik eguneroko bizimoduarekin, baina festak ez daude errealitatetik kanpora; egunerokoan indarkeria sexista gure jendartean oso hedatuta dagoen errealitatea dugu, eta jaiak ez dira salbuespen”. Jaien irudi ezkorra eman baino, “jaietan indartu eta areagotu egiten diren gertakizun hauekiko sentsibilizazioa eta salaketa” egin gura dutela adierazi du berdintasun teknikariak.

 


Lan banaketa jaietan
Berdintasun Sailetik, bestalde, nabarmendu dute jaietan “sexuetan oinarritutako lan banaketa” dela-eta emakumeek hainbat behar izaten dituztela, eta ezinbestekoa dela lan horiek banatzea, “emakume eta gizonek festak berdin gozatu ahal izateko”.

ELKARRIZKETA

AITZIBER GOITIA MARTINEZ, Abadiñoko Berdintasun teknikaria

 

Sentsibilizaziorako gune bat zabaldu gura izan duzue jai-giroaren erdian.
Gure helburua jaietan edo parranda giroan gertatzen diren eraso sexistei aurrea hartzea da; eraso horien kontzientziazioa bultzatzea eta emakumeei euren burua defendatzeko tresnak eta bitartekoak eskaintzea. Asmoa ez da jaien irudi ezkorra ematea, onartezinak diren jokabide sexistak salatzea baino.


Zelako jokabide sexistak nabarmentzen dira jaietan?

Denetarik dago: berba eta begirada lizunak, gorputz ukituak, irain eta jazarpen sexistak… Gure herriko txosnetan, tabernetan, kaleetan… jai egunetan ere, indarkeria sexistak mila forma eta itxura hartzen ditu. 


Jaiez gozatzerako orduan, gizonen eta emakumeen artean desberdintasun handiak ikusten dituzu?

Jaietan gozatzeko emakumeek asti gutxiago eta lan karga handiagoa izaten dute: jaietako arropetaz arduratu, bazkari eta afari erraldoiak prestatu, senideen zaintzaz arduratu…. Ezinbestekoa da lanak banatzea, etxeko lanen eta familiaren zaintzaren erantzukidetasuna jaietan ere sustatu behar da, emakumeek eta gizonek festak berdin gozatzeko aukera izan dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!