Atzo burutu zuten ohiko bilkurako bigarren puntuan aurkeztu zuen Bilduk Eneko Zarrabeitia presoaren egoeragaz lotuta, udalari hainbat konpromezu eskatzen zizkion mozioa. Eztabaida bertatik bertara jarraitzera, herritar asko batu zen pleno aretoan.
"Euskal Herrian konponbiderako zabaldu den bidean euskal preso politikoen bizi baldintzak bermatzea aldarrikatzen" dutela herritarrek zein hainbat eragile sozialek, azaldu zuen Bilduko Aitor Azueta zinegotziak. Frantzian preso dagoen Eneko Zarrabeitia abadiñarraren egoerari lotuta, udalak hainbat konpromezu hartzea eskatzen zuen Bilduk aurkezturiko idatziak; besteak beste, "Zarrabeitiari babesa ematera Frantziako martxara doazen herritarren garraio gastuak beregain har ditzala udalak", eta "udalaren ordezkari batek espetxeko zuzendaritzari helarazi diezaiola irakurritako idatzia".
"1999an Abadiñoko udalean sartu ginenetik jardun muzipalistatik haratagokoak ziren gaietan abstentzioa bultzatu dugu", adierazi zuen Abadiñoko Independienteak alderdiko Jose Luis Navarro alkateak. Dispertsioak presoen familiak ere zigortzen dituela azpimarratu, eta "presoek dagokien kondena etxetik ahalik hurren betearaztea" defendatu arren, Bilduren mozioaren kontra bozkatu zuten talde Independienteko sei ordezkariek.
Bildu zein EAJko bozeroaleak ere ahotan hartu zuten Abadiñoko udalak 2009an onartu zuen mozioa. Ordutik, "egoera aldatu egin da", hasi zen Eneko Etxebarria jeltzalea, "eta mozioan aipatzen diren punetako bigaz ados egon ez arren, aurrerapausuak emateko garaia dela uste dugu", azpimarratu zuen. "Aldarrikapenekin ados gaude, baina formulazioagaz ez" adierazi zuen Etxebarriak. Abstenitu egin zen Etxebarria (EAJko beste zinegotziak ez zuen atzoko plenoan parte hartu).