Udazkenerako aurreikusten zuten lanak amaitzea, baina martxoa-apirila arte atzeratuko dira lanak.
Lanen kudeaketaren ardura daukan Bizkaiko Aldundiko Interbiak sozietateak jakinarazi duenez, “obran gertatutako zenbait ustekabekok” eragin dute AP-8 autobideko Gerediaga auzoko sarbide berriaren eta hirugarren erreia eraikitzeko lanen amaiera, udaberrira arte atzeratzea. Asteon aurreratu digutenez, martxorako edo apirilerako itxaroten dute lanak amaitu eta peaje eta sarrera-irteera berriak zabaltzea.
Obra horretan, Iurreta eta Gerediaga arteko ia bost kilometroan hirugarren erreia dihardute eraikitzen; Aldundiaren berbetan, “autobidearen ahalmena aregotzeko helburuz”.
Bestek beste, AP-8-rako eta N-634 eta BI-633 errepideetarako lotura adarrak izango ditu martxoan zabaltzen dutenean Gerediaga auzoko sarbide horrek, eta biribilgune bi eraiki dituzte zonalde horretan trafikoa bideratzeko.
Obra nagusiaz batera, besteak beste, San Blas hotelaren aurrean biribilgunea eraikitzeko, Gerediaga eta Traña-Matiena artean oinezkoentzako ibilbideak sortzeko, N-634 errepidearen gainetik oinezkoentzako pasabidea eraikitzeko, inguruko enpresetarako oinezkoen sarbideak sortzeko eta hainbat espaloi-zati atontzeko konpromisoa hartu zuen Interbiak enpresa arduradunak.
Auzotarrak batzartuta
Lanak amaitutzat eman orduko, auzotarrei eragiten dieten aipatutako obra horiek “amaitu barik hemendik hanka egin ez dezaten” eskatzen dute Hamabi Harri auzo elkartekoek. “Egin ez dutena egin, amaitu barik utzi dutena amaitu edo txarto amaitu dutena konpondu dezaten” eskatzeko, udaleko ordezkariekin eta obraren ardura daukan Interbiak-ekin batzarra egin gura dute.