Eusko Jaurlaritzak 789.468,02 euro eman dizkio Abadiñoko Udalari Traña-Matienako eskoletan egin dituen hiru proiektu finantzatzeko. Konponketak ere finantzatuko dituzte.
Eusko Jaurlaritzak 789.468,02 euroko diru-laguntza eman dio Abadiñoko Udalari, Traña-Matienako eskolan egin dituen hiru proiektu finantzatzeko, eta eskoletan beste eraberritze-lan batzuk egiteko.
Hezkuntzak eman duen zenbatekoa 789.468 eurokoa da guztira, eta, horren bidez, zenbait lanek eragin duten kostuaren %60 berreskuratuko du udalak, zehazki, ondoko lanei dagozkien zenbateko hauek: Traña-Matienako eskolari itsatsitako erabilerako askotako eraikina eraikitzea (449.141,60 euro), eskoletako patioaren esparru estalia (93.560,30 euro) eta eskolen ondoan dagoen pilotalekuko oztopo arkitektonikoak kentzea (32.233,62 €).
Jose Luis Navarro alkateak azaldu duenez, Traña-Matienako erabilera askotako eraikina altxatzeko lana izan da udalak 2011. urtean egin duen lanik garestiena. Horrez gain, alkateak argitu du Udalari emandako %60ko laguntza hori Eusko Jaurlaritzak laguntza-ildo horren barruan ordain dezakeen “kopururik handiena” dela. Navarrok jakitera eman duenez, “udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aurrean egin dituen izapideei esker, jarri dugun diru gehiena berreskuratuko dugu. Kudeaketak ez dira errazak izan, baina azkenean lortu nahi genituen diru-laguntzak eskuratu ditugu, eta orain diru hori erabili ahal izango dugu beste jarduera batzuk egiteko, betiere, Abadiñoko herriaren alde”.
Eginda dauden proiektuei emandako diru-laguntzez gain, Eusko Jaurlaritzak 214.532,50 euroko kontu-saila eman dio Udalari, 2012. urtean beste eraberritze-lan batzuk egiteko eskolan.