Mendiolako baserri baten irudia argazki lehiaketaren irabazle

Anboto 2011ko abe. 23a, 13:47

Txema Serrano durangarrak ateratako argazkiak irabazi du Abadiñoko Udalak 2012ko egutegia irudiz hornitzeko antolatu duen II. Argazki Lehiaketa. Argazkian Mendiola auzoko baserri bat agertzen da

Txema Serrano durangarrak ateratako argazkiak irabazi du Abadiñoko Udalak 2012ko egutegia irudiz hornitzeko antolatu duen II. Argazki Lehiaketa. Argazkian Mendiola auzoko baserri bat agertzen da, Ima Zapardiez Kultura saileko zinegotziak adierazi duenez.

 

Guztira, 34 pertsona aurkeztu dira lehiaketara, eta Abadiñoko baserrietako 107 argazki aurkeztu dituzte. Horietatik, 12 irudik osatuko dute datorren urteko egutegia. Udalak doan banatuko du, datorren astearen amaieratik aurrera.

 

Lehiaketara aurkeztutako 107 argazkietatik, epaimahaiak 23 irudi hautatu zituen lehenik. Gero, herritarrek irudi horiek bozkatu zituzten, udalaren webgunean, eta, era horretan, azkenean atera diren 12 irudiak aukeratu dituzte. Irabazleak 300 euroko txekea jasoko du gaur.

 

Serranok azaldu duenez, arratsaldeko azken orduan atera zuen argazkia, eta une hartan “arratsaldeko argi pixka bat bazegoen eta izar batzuk ere bai”. Argazkia egiteko 20 minutuko esposizio-denbora behar izan zuen, eta, irudia ateratzen zuen bitartean, flasharen argiak ingurunea argiztatu zuen.

 

Ima Zapardiezek azaldu duenez, hautatutako 12 irudiekin hormatik zintzilikatzeko 3.000 egutegi, mahaiko 1.500 egutegi eta poltsikoko 2.700 egutegi aterako dira –225 egutegi, irudi bakoitzeko–. Interesa duten herritarrek doan jaso ahal izango dituzte egutegiak datorren astetik aurrera, Errota kultur etxean, udal mediatekan, udal bulegoan edota udaletxean. Egutegiak agortu arte banatuko dituzte.

 

Kulturako zinegotziak adierazi duenez, "udalak bigarren urtez antolatu du lehiaketa, aukera ona baita herrian dauden paisaia eta eraikin ederrak eta bereziak ezagutzera emateko". Zapardiezek jakitera eman duenez “oso polita iruditzen zaigu egutegiaren ardatza Abadiñoko baserrien irudiak izatea, eta urte osoan barrena herritarrak laguntzea, eraikin horietako asko oso zaharrak baitira, eta arkitektura aldetik oso garrantzitsuak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!