Zapatu eguerdian, euskararen egunagaz bateginda burutu zuten, Jose Luis Lizundiak liburutegiari egindako 674 liburu dohaintza eskertzeko ekitaldia, Traña-Matienako kultur etxean.
Jose Luis Navarro alkateak, Ima Zapardiez kultura zingeotziak eta Argi Abad euskarako zinegotziak hartu zuten ekitaldian parte, eta besteak beste, liburutegiak dohaintzan jasotakoak, "euskaltzain eta euskaltzale honen kezkak islatzen dituzten garrantzi handiko liburuak" direla nabarmendu zuten. Euskal literaturako klasikoak diren hainbat liburu, baina baita hizkuntzalaritza, politika, bertsolaritza eta beste hainbat gairi buruzkoak dira Lizundiak Abadiñoko herriaren esku utzi dituenak.
Errota kultur etxeko liburutegian sailkatu, katalogatu eta ikusgai ipini dituzte Jose Luis Lizundiak dohaintzan emandako 674 liburuak, eta Udalaren webgunean ere ikusgai dago bilduma.