Abenduaren 16an, Errota kultur etxean, burutuko dute, Abadiño sarien bigarren gala. Iaz bezala, hainbat arlotan "Abadiñoren izena zabaldu dutenen, eta modu altruistan jardundako norbanako eta taldeen lana goraipatzeko" banatuko dituzte bost sari. Eneritz Iturriagaetxebarria, Gerediaga elkartea, Gorakada antzerki taldea, Edurne Astigarraga, eta Mila Salterain dira aurten Udalaren eta herrikideen goraipamena jasoko dutenak.
Gaur Traña-Matienako kultur etxean burutu duten prentsaurrekoan azaldu dute AIko Gobernu taldeko ordezkariek, Udaleko hiru alderdietako kide banak eta iraz saritutako hiru herritarrek, "adostasunez" erabaki dutela 2011ko bost Abadiño Sariak nortzuei eman.
Inma Zapardiez zinegotziak azaldu duenez, "nazioartean izandako arrakastaren Abadiño saria jasoko du Eneritz Iturriagaetxeberria txirrindulariak; 1965an sortu zenetik euskal kulturaren erreferente nagusietako bat delako, Ibilbidearen saria emango diote Gerediaga elkarteari; aurten antzerkigintzako sari bi jaso dituen Gorakada Teatro taldeari emango diote Urteko Arrakastaren Abadiño Saria; urteetan Zelaietako San Trokaz elizan eta hilerrian burututako lana eskertzeko, Isileko Lanaren saira jasoko du Edurne Astigarra abadiñarrak; eta herriko toponimia berreskuratzeko egindako lana eskertzeko, Mila Salteraini emango diote Sari Berezia".
Besteak beste, herriko kantari gazteek hartuko dute parte, abenduaren 16an, 20:00etan hasita, Traña-Matienako Errota kultur etxean burutuko duten sari banaketa ekitaldian. Iazkoa bezala, "ekitaldi xume baina hunkigarria" izan dadin gura dutela azaldu dute Gobernu taldeko ordezkariek.