Komunikabideetara bidali duen oharrean jakinazi du gobernu taldeak, atzo burutu zuten plenoan, AIren eta EAJren bozkekin onartu zutela "2012an, tasa eta zerga gehienak daudenean mantentzea". Abstenitu egin zen Bildu.
Abadiñoko Independienteak taldeak bidalitako oharrean esaten denez, "eguazteneko plenoan onartutako proposamenak, krisi sasoi honetan, herritarrenganako presio fiskala ez areagotzea du helburu, baina aldi berean udal zerbitzuak mantentzea".
Beste zerbitzu batzuengatiko tasa eta zergak daudenean mantenduko dituzten arren, gobernu taldeak jakinarazi du, hainbat salbuespen burutu dituztela: %4,6 igoko dute ondasun higiezinen gaineko zerga; %3,5 autoen gaineko zerga; igerilekuko abonuagatiko tasa %3 gehiago ordainduko dute 2012an, erabiltzaileek; eta futbol zelaia eta frontoiak erabiltzeagatiko tasa ere igo egin dute.
Komunikabideetara bidalitako oharrean, "hainbat urtez zeudenean mantendu eta gero, Bizkaiko herri askotan dabiltza zergak igotzen", azpimarratu du AIk, "Bildu eta EAJk tasak %3,8 igo dituzte, Basaurin, esaterako".