Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartzeko tramitazioari ekitea onartu dute

Anboto 2011ko aza. 2a, 10:21

Gobernuko Abadiñoko Independienteak eta EAJren bozkekin onartu dute Abadiño Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartzeko tramitazioari ekitea.

Herritar batek plenoa grabatzearekin ados ez zegoelako, bertan behera utzi zuen joan zen asteko udalbatza Jose Luis Navarro alkateak. Udalbatzarrean jorratzekoa zen gaia, Abadiño Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartu edo ez eztabaidatzeko deiturikoa, gaur, 08:30ean, eta ateak itxita burutu dute.

 \"\"


Batzar horretan, Abadiñoko Independienteak eta EAJren bozkekin onartu dute urtarriletik aurrera Abadiño Bizkaiko Partzuegoaren parte izan dadin tramitazioari ekitea.

 


“Atzeratu egin dugu hartzea, baina Arriandiko Partzuegoak eskatzen dituen inbertsioei aurre egin ezinda, derrigortuta gaude erabaki hau hartzera”, azpimarratu zuen Navarrok. Alkatearen berbetan, “orain arte bezala, herriak Bizkaiko Partzuergotik kanpo jarraitzeko, saneamenduaren tarifaren %90eko igoera jasan beharko lukete herritarrek”.

 


1998an, Durangaldeko Ur Partzuergoa desegin zenetik, Bizkaiko Partzuegoan sartu bako herriek (Abadiño, Berriz eta Atxondok), beren gain hartu zituzten uren eta saneamenduaren reposizio eta konponketa gastuak.

 


Udal Gobernuko AI alderdiaren Bizkaiko Partzuergoan sartzeko proposamenaren aldeko bozka azaltzeko, “aurreko legegintzaldian eskatu genuen guk Partzuergoan sartzea, eta egun ez daukagu beste aukerarik”, esan du EAJko bozeroaleak. Bizkaiko Partzuegoan sartu arren, “Abadiñok ahalik eta autonomia gehiena mantentzen saiatzeko” deia egin du EAJk.

 

\"\"
Hau bezalako gai bat ateak itxita erabakitzea kritikatu zuen plenoa hasi orduko Bilduk, eta batzar aretotik alde egin zuten alderdiko bost zinegotziek. Udaletxe kanpoan egin ditu Bilduk adierazpenak, eta “plenoa ateak itxita egitea herritarren partaidetzaren kontrako neurria” dela salatu. Aitor Azueta Bilduko bozeroalearen berbetan, “Ur Partzuergoan sartzeko erabakia herritarren aurrean hartzerik ez dute nahi izan”.

 

Gai honekiko, Abadiñoko Independienteak alderdiko gobernuak izandako aurreikuspen falta azpimarratu du Bilduk, eta Abadiño Bizkaiko Ur Partzuegoan sartzearen alternatibarik jorratu ez izana salatu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!