"Zorionez ez da ezer larririk jazo, baina oso kezkagarria da istripua"

Anboto 2011ko urr. 12a, 12:25

Auzoan garabi bat jauzi izanak arduratuta, kexu dira Muntsaratzen

Auzoan garabi bat jauzi izanak arduratuta, kexu dira Muntsaratzen.

 

Joan zen asteko eguenean aldameneko eraikuntza lanetara 30 metroko garabi bat jauzteak eragindako ezinegonak bultzatuta, Muntsaratz auzoko lau etxebizitza-bloketako bizilagunek batzarra egin zuten astelehenean.

 

Eguen gaueko gertakariaren gainean udala isilik egotea salatu eta komunitatearen izenean kexa aurkeztuko dutela iragarri dute batzarrean batutako 20 auzotarrek. “Zorionez ez da ezer larririk gertatu, baina oso kezkagarria izan da garabia jauztea”, diote bizilagunek: “Garabia bidegorrian kokatu zuten, beharrezko kontrapisurik barik eta lur bigunegian”.\"\"

 

Eraikitzen diharduten etxebizitza batera zein eurak bizil direnetako batera jauzi zitekeela garabia ikusten dute auzotarrek. Auzoan lanean diharduen enpresa eraikitzaileagaz udalak “jarrera permisiboa” daukala salatu dute auzotarrek. Suminduta daudela diote, “udalaren partetik ez delako egon ezelako jakinarazpenik, eta inor ez delako komunitateko presidenteagaz ere kontaktuan ipini: kontrara, geu izan gara informazioa eta erantzunkizunak eskatuz udaletxera deika ibili behar izan garenak”, azaldu digute.

 

Beste eskariak

Lau etxebizitza bloke hauetako bizilagunek aurretik salaturiko gabeziez ere jardun zuten joan zen asteleheneko batzarrean. Eraikitzen dabiltzan etxebizitzen zerbitzurako zaborren edukiontziak euren etxeetatik metro bira ipini dituztela diote, baita eraikuntza lanek eraginda euren etxeetan arrakalak agertu direla ere. Euren bizilekuen ondoko eraikuntza lanetan “gutxieneko baldintzak” bete daitezela eta informazioa eta eztabaida eskatzen dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!