Jose Luis Navarro alkateak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkariak moztu dute Traña-Matienanko erabilera anitzeko eraikin berria inaguratzeko zinta, eguerdian burutu duten ekitaldian. Auzoko eskolako eta institutuko ikasle eta irakasleak, eta guraso elkarteko kideak ere egon dira inaugurazio ekitaldi horretan.
Aurreskua eskaini dute Iluntze dantza taldekoek ekitaldiaren hasieran, Jose Luis Navarro alkateak hartu du berba ondoren, inauguraziorako ipinitako zinta moztu dute, eta Traña-Matienako eskolako eta institutuko taldeen arteko futbito partiduagaz amaitu dute inaugurazio ekitaldia.
Eraikin hau "urteetan Traña-Matienako gurasoen eskaria" izan dela azpimarratu du inaugurazio ekitaldian berba hartu duenean Navarro alkateak, eta "erabilgarri daukagu dagoeneko: goza ezazue", adierazi die bertaratutakoei. Euria eta hotza egiten duenetan, futbolean, boleibolean eta saskibaloian jokatzeko dago eraikina prestatuta.
Hain zuzen, eraikinak futbitoan, boleibolean eta saskibaloian jokatzeko baldintza homologatuak dauzkala azpimarratu du komunikabideetara bidalitako ohar batean, Abadiñoko Independienteak alderdiko gobernu taldeak. Azaldu dutenez baina, "eraikinaren erabilera arautuko duen ordenantza prestatzerakoan, lehentasuna eskolaren beharrei" emango diote.