Abadiñoko Independienteak eta EAJ alderdien aldeko botoagaz onartu zuten Gantza-Zelaietako proiektu eraikitzaileari dagokion aldaketa, iraileko ohiko bilkuran. "Enpresa eraikitzaileek ingurua urbanizatu barik utzi ez dezaten ziurtatzeko bermea da aldaketa hau", azpimarratu zuen Jose Luis Navarro alkateak.
Gantza-Zelaietan 400 etxebizitzatik gora eraikitzea jasotzen duen hirigintza egitasmoa garatzeko ardura duten enpresa biek, lanak "faseka" egitea ahalbidetuko du Plan Partzialaren aldaketak.
Jeltzaleek eta Independienteek onartu zuten proposamenaren kontra bozkatu zuen Bilduk: Aitor Azueta bozeramaileak azpimarratu zuenez, "eraikuntza faseen diseinua promotoreen esku utziko dute aldaketa horregaz". Gai horri dagokionez, Hirigintza Batzordeak aho batez hartutako erabakiei balio juridikoa ematea proposatu zuen udalbatzarrean Bilduk, baina proposamenak ez zuen aurrera egin.
Proiektua garatuko zuen promotoreak eta udalak hiru urte lehenago sinatutako hitzarmenean hainbat aldaketa ezartzen zituen dekretua aurkeztu zuen iazko irailean Navarro alkateak plenoan. Navarro alkateak azaldu zuenez, "hasierako hitzarmena gaurko egoerara moldatu beharra ikusi” zutelako.