Diabetea eta bizikleta bateragarriak direla erakusteko 24 orduz segidan bizikletan ibili da abadiñarra. Erronka munduko errekor bihurtu du gainera. Aurretik inork ez du horrelakorik egin DT1 motako diabetea izanda.
Zapatuan, seirak jotzeko minutu gutxiren faltan, proba esanguratsu baten aurretik sentitzen den tentsioa nabari zitzaion Karrori. Lagun, ezagun eta abadiñar zaleek inguratuta bizikletara igo eta puntual ekin zion erronkari; 24 orduz geratu barik bizikletan ibiltzea zuen helburu, Durangalde eta Arratia ingurutik prestatutako zirkuituan. Beragaz hainbat kilometro egin zituzten hainbat txirrindulari eta txirrindularitza zalek, Euskaltel-Euskadiko Ruben Perezek esaterako. Ondoren, gaueko zati handi batean ultra fondoko munduko txapeldun den Julian Sanz ere bidelagun izan zuen.
Domekan, are jente gehiago batu zen Traña-Matienan, noiz helduko zain. Tartean zen Abadiñoko alkate Jose Luis Navarro ere. 18:00 pasatxoan heldu zen abadiñarra bertaratutakoen txalo artean. Arnasa hartu eta hainbat lagunen besarkadak eta zorionak jaso ondoren, kazetarien galderei erantzun zien. Zer moduz zegoen galdetuta, “ederto beste ordu batzutan jarraitzeko moduan”, erantzun zuen brometan, irribarre jostariz: “Une batzuetan behar baino arinago ibili naiz eta nabaritu dut ahalegin hori, baina ondoren errekuperatzea lortu dut”, gaineratun zuen ondoren serioago. Erronka honetan lagundu dioten guztiekiko esker ona erakutsi du: “Irten nintzenean, orain helmugan, bide bazterretan… jente askok animatu nau, batzuk pankartekin ere bai eta oso pozik nago”.
Erronka bukatu izana pozgarria baldin bada, munduan beste horrelako kasurik ez dagoela jakiteak areagotu egiten du Karrok lortutakoaren meritua. Estatu Batuetako organismo batetik jakin eragin zioten horren berri; hain zuzen, probako hainbat itzulitan atzetik izan zuen epaile ofizial bat errekorra bertatik bertara jarraitzeko.
Karrok aurreratu duenez, beste erronka “are handiago” bat prestatzen ari da, baina oraindik ez du detaile askorik eman nahi izan: “Irla batean izango da eta jakinaraziko dugu sare sozialen bidez”.