Kiroldegi berriaren gabeziak salatu dituzte jokalariek

Anboto 2011ko ira. 22a, 09:28

Traña-Matienako kiroldegi berriaren gabeziez ohartarazi dute Abadiñoko futbito talde biek

Traña-Matienako kiroldegi berriaren gabeziez ohartarazi dute Abadiñoko futbito talde biek. 

 

Milioi erdi euroko aurrekontuagaz Traña-Matienan altxatu duten kiroldegi aurrefabrikatua “kirola egiteko inguruko herrietara joan behar izaten dutenei herrian jarduteko aukera eskaintzeko” egingo zutela nabarmendu zuen Jose Luis Navarro alkateak, otsailean, azpiegitura  berriaren proiektua aurkeztu zuenean.

 

Abadiñoko Lagun eta Gaztetxeko futbito taldeek orain arte Berrizen eta Elorrion jokatu behar izan dute, eta, asteon azaldu digutenez, kiroldegi berria eginda badago ere berdin egin beharko dute orain ere.

 

“Traña-Matienako kiroldegi berria ez da aproposa partidak jokatzeko”, euren ustez: “Federazioa etorri behar litzateke azpiegitura homologatzera, eta ez dakigu dagoen egoeran azpiegitura onartuko lukeen". Besteak beste, “argitasun falta, aldagela txikiak eta zoru arriskutsua” dauzkala kiroldegiak salatu dute jokalariek, eta “euria eta haizea barrura sartzen” direla. Konponketak egiteko eskaria egin diote gobernu taldeari. Azarora arte, behintzat, konponketak egiteko aurrekonturik ez duela izango erantzun die alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!