Udaleko Berdintasun sailak iaz lehenengoz antolatu zuen batukada taldeari jarraipena emateko eskaini dute urritik ekainera arte izango den tailerra.
Iaz perkusio tailerrean jardun zuten hamaika emakumeren taldea "sendotzeko" azaldu du Berdintasun sailak antolatu dutela tailer hau, eta "batukada tailer berriarekin emakumeen arteko harreman sozialak eta hazkuntza pertsonala sustatzeko".
Interesa daukan emakume orok eman dezake irailaren 20 arte batukada tailerrean izena; Errota kultur etxean edo Udal Mediatekan eman daiteke izena (15 euro ordainduta abadiñarrek, eta 25 gainontzeko parte hartzaileek). Astelehenetan, 18:30etatik 20:30ak arte izango dira saioak.
Jabekuntza tailerra
Genero politiketan aditua den Eskarne Larrinaga pedagogo eta terapeutak dinamizatuko duen jabekuntza tailerra ere eskaintzen du ikasturte berrirako Udaleko Berdintasun sailean. "Emakumeek euren ahalmenaren kontzientzia har dezatela, eta beren autonomia fisikoa, ekonomikoa, politikoa eta soziokulturala hobetu dezatela", dute tailer honen bultzatzaileek helburu.
Errota kultur etxean, eguenero, 18:30etatik 20:30etara, izango dira urriaren 6an hasita, jabekuntza tailerraren saioak. Abadiñarrek 15 euro ordaindu beharko dituzte izena emateko, eta 25 beste herri batzuetako parte hartzaileek.