Gerediagako auzotarrek Traña-Matienara oinez joateko erabiltzen zuten pasabideak hilabete darama itxita; soluzio bat eskatu diote asteon udalari.
Auzoko hogeitik gora etxetako bizilagunak, udaletxean ordezkaritza daukaten Bildu eta EAJ alderdietako ordezkariak eta Abadiñoko Independienteak taldeko alkatea bertaratu ziren martitzenerako Hamaika Harri elkarteak egin zuen deialdira. Abuztuaren 8tik, ohar batean jakinarazi zitzaienez, “bi-lau asterako” itxita egongo zen Gerediaga eta Traña-Matiena auzoen arteko oinezkoendako pasabidea zabaldu dezatela eskatu zuten auzotarrek: obra bat dela-eta pasabide bat moztuz gero, “alternatiba bat eskaini behar zaie herritarrei”, aldarrikatzen dute auzotarrek.
Ikasturtea eta auzoan bizi diren langile zein ikasleen egunerokoa abiatuta eta pasabideak itxita jarraitzen duela ikusita obra ikustera joan zirenean, “abuztuan obra metro erdi ere ez dutela aurreratu” diote Gerediagako auzotarrek; pasabideko obrari ez diotela ezelako “lehentasunik eman”.
Pasabidea itxita dagoen bitartean taxi zerbitzua eskaini zieten Gerediagako auzotarrei. “Taxia urgentzia baterako irtenbidea izan daiteke”, diote, “baina ez egunerokorako”; eskolatik oinez bueltatzen ziren umeek ezin dute oinez etxera bueltatu, auzotarrek salatzen dutenez: “Behar duguna pasabide bat da”.
“A8ko hirugarren erreiaren obra honek iraun duen 18 hileetan, ez dira arduratu gutaz, eta pasabidearena izan da azken tanta: jendea kokoteraino dago”, salatzen dute auzotarrek.
Gaur batu da Jose Luis Navarro alkatea obraren arduraduna den Interbiak-ekin. “Arrazoia daukate auzotarrek”, dio: “Irtenbidea pasabideetako bat zabaltzea da; luzerako zela jakinda, ez zuten sekula itxi behar”.