"Tokiko baserriak" gaia aukeratu duteAbadiñoko Udalaren 2012ko egutegirako argazkiak aukeratzeko. Lehiaketa bidez hautatuko dituzte egutegia osatuko duten hamabi argazkiak.
Lehiaketan parte hartu gura duten argazkizaleek, irailaren 30 arteko epea izango dute lanak aurkezteko. Gehienez ere, lau argazki aurkeztu ahalko ditu parte hartzaile bakoitzak.
Antolatzaileen berbetan, "herriko baserri batzuen edertasun estetikoa eta garrantzia arkitektonikoa ezagutzera ematea, eta aldi berean, herritarrek egutegia osatzen lagun dezatela da lehiaketaren helburua.
Iazko lehenengo edizioan bezala, Udalaren webgunearen bitartez gustoko argazkien aldeko botua emateko aukera izango dute herritarrek. Botua eman ahal izateko zein lehiaketan parte hartzeko, udalaren webgunean eman beharko da izena.
Irabazle hautatzen duten argazkiaren egileak, 300 euroko saria izango du; eta 14 eta 17 urte artekoek aurkezturiko lanik onena ere sarituko dute.