AIk postu biak EAJri Amankomunazgoan

Anboto 2011ko abu. 26a, 09:00

Durangoko Amankomunazgoko euren ordezkari biak \"EAJri utzi\" dizkiote independenteek.

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoan euren alderdiari zegozkion ordezkari biak “EAJri laga dizkio” Abadiñoko Independienteak alderdiak, ohar batean jakitera eman dutenez, “bi alderdien artean adostutakoa betez”. Alkatea izendatzeko ekainean egindako osoko bilkuran “jeltzaleak abstenitu izanak ahalbidetu zuen Jose Luis Navarro alkate izatea”, azpimarratu du Abadiñoko Independienteak taldeko gobernuak ohar berean.

Jeltzaleen eta Independienteen arteko akordioaren barruan onartu zuten alderdi biek, uztailaren 26ko udalbatzarrean, Amankomunazgoan Abadiñoko talde independienteari zegozkion eserleku biak EAJri lagatzea.

“Ordezkaritza politikoagaz horrela jolastea onartezina” dela azpimarratuz, kontra bozkatu zuen bilkura hartan Bilduk, eta “arduragabekeriaz jokatzea” iruditzen zaiela “herriak alderdi batek ordezkatzea erabaki dituen eserlekuak beste alderdi bati ematea eta honek onartzea”, salatu zuten ohar batean.

Durangoko Amankomunazgoan hamahiruna ordezkari dauzkate, horrenbestez, Bilduk eta EAJk; PSE alderdiko ordezkari bakarraren bozkaren arabera erabakiko dute  Durangoko Amankomunazgoko mahaiburutza. Irailean burutuko da Amankomunazgoa eratzerako osoko bilkura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!