Abadiñoko Udaleko langileari arrazoia epaitegian

Anboto 2011ko uzt. 21a, 08:13

ELA Sindikatuak hedabideetara bidalitako oharrean ematen da jakitera, sindikatu horrek Abadiñoko Udaleko langile baten kaleratzeagatik ipinitako demanda onartu duela epaitegiak

ELA Sindikatuak hedabideetara bidalitako oharrean ematen da jakitera, sindikatu horrek Abadiñoko Udaleko langile baten kaleratzeagatik ipinitako demanda onartu duela epaitegiak: "Bere jokaerarekin, Udalak langilearen oinarrizko eskubideak urratu dituela" arrazoituz, kaleratzea baliogabetzea ebatzi du epaitegiak.

 

Sindikatuak jakinarazi duenez, "Bilboko Lan Arloko 9. epaitegiak arrazoia eman dio langileari eta ELAri, eta Abadiñoko Udalera itzultzeko eskubidea" aitortu dio langileari. Gainera, apiriletik gaur arteko soldatak ere ordaindu beharko dizkio Udalak apirilean kaleratu zuen langileari.

 

"Aldi baterako kontrataturiko langileek finkoak diren postuetan" zihardutela salatu zuen ELAk udaberrian: dagokion lan-eskaintza publikoaren bitartez postu horietan diharduten langileak lan taldeko behargin finko bihurtu ordez, "sei hilabetetik sei hilabetera postu berdinean lan egiteko langile berriak kontratatzea egotzi zion sindikatuak Udalari.

 

Komunikabideetara bidalitako oharrean, "ulergaitza egiten zaigu ustez sindikalista ohia den alkate batek ez jakitea, edo jakin nahi ez izatea, bere Udalean iruzurrezko kontratuak egin direla, eta egoera hori konpondu beharrean, ugazaba trakets erara bere egoera salatu zuen langilea kaleratzea", azpimarratu du ELA sindikatuak. Honako galdera honekin amaitzen du ELAk komunikabideetara bidalitako oharra: "epaiaren ondoren, onartuko al du alkateak bere Udaleko benetako errealitatea?".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!