Legegintzaldi berrian udalaren jarduera ordenatuko duen arlokako batzordeen izendapena eta eraketa adostu dute Abadiñoko Udaleko gaur goizeko udalbatzarrean.
Aho batez onartu dute, besteak beste, Jose Luis Navarro alkatearen jarduera esklusiboa izatea, hau, da, lanaldi osoz Udalean jardutea alkateak. Bilduk proposatu duen moduan, eta “gardentasuna eta alderdien arteko adostasuna bilatzeko” helburuz, ohiko bilkuren hilean behingo maiztasuna ezartzea onartu dute. Abadiñoko Independienteak alderdiak mahaigaineratutako proposamena, azken legegintzaldian bezala hilean behin barik, plenoak bi hilerik behin egitea izan da, baina oposizioko alderdien eskaria onartu, eta hileroko maiztasuna mantenduko dute.
Aurreko legegintzaldikoagaz alderatuta, hainbat aldaketa burutu dituzte udal batzordeen banaketari dagokionez. Udal Gobernuaren hasierako proposamenari Bilduk eta EAJk egindako ekarpenetariko batzuk aintzat hartu, eta bederatzi Udal Batzorde eratu dituzte: Hirigintza; Jasangarritasuna, Ingurumena, eta Mendiak; Ogasuna; Kultura, Jaiak eta Kirolak; Gazteria; Berdintasuna; Hezkuntza eta Euskara; Gizarte Ongizatea; eta Gobernazioa.
Bestalde, erakunde publikoetan Abadiñoko Udala ordezkatuko duten zinegotziak ere izendatu dituzte ekainaren 30eko plenoan: Jose Luis Navarro izango da Erralden ordezkari; Abadiñoko Bilduko ordezkariak izango Euskal Fondoa, Urkiola Landa Garapena erakundean, eta Durangaldeko Amankomunazgoan; eta EAJko zerrendaburua Urkiolako Parke Naturaleko Patronatuan.
Gaur goizeko udalbatzarrean aurkeztu du baita bere karguaren ukoa, Abadiñoko Independienteak alderdiko Oscar Rocha bosgarren zinegotziak. Arrazoi laboralak egotzi ditu kargua uzteko, eta bere alderdiaren zerrendako ondorengo kideak hartuko du bere zinegotzi postua: Javier Crespok.