Hamabost urtean berrehun herritar baino gehiagok Abadiñoko ondare kulturalaren leku izenen berreskurapenean egindako ekarpenaren emaitza aurkeztuko dute gaur, 19:00etan, Errota kultur etxean.
Jose Luis Navarro alkateak, Argi Abad euskara zinegotziak eta Jose Inaxio Arrizabalaga teknikariak, Mila Salterain proiektuaren koordinatzaileak, eta Euskaltzaindiako hiru ordezkarik hartuko dute gaur iluntzeko kultur etxeko aurkezpen horretan berba.
Goizean, komunikabideei zuzenduriko aurkezpena burutu dute udaletxean, eta bertan nabarmendu dutenez, "mapa toponimiko bat eta Abadiñoko toponimia —Ahozko iturburuak, iturri dokumentalak eta bibliografikoak izenburuko liburua" dira "hamarkada bat baino gehiagoan auzolanean egindako lanaren" fruituak.
Herriko mapan kokatuak eskaintzen dituzte 800 toponimo inguru, bost multzo nagusitan banatuta: leku izenen, erreka izenen, ondare artistikoaren izenen, desagertutako izenen, eta baserri eta etxe izenen idazkera, ahozkera eta koordenadak jaso dituzte, besteak beste.
Etxez etxe eta artxibategietan hamabost urtez herriko toponimia jasotzeko egindako lanaren ondorioez gainera, herriko antzinako ordenamenduari, gizarte antolaketari, edota ekonomia jarduerei buruzko informazio historikoa eskaintzen duten hainbat iturri dokumental ere bildu dituzte gaur aurkeztuko duten liburuan.
Argitalpen bion zabalkundeari garrantzia handia eman diote udal ordezkariek goizeko aurkezpenean: herriko ikastetxe eta libututegietan eskuragarri ipiniko dituzte aleak, eta dagoeneko interesa duten guztientzat erabilgarri daude dokumentu biak udalaren wegunean. Mapa topononimikoa eskuratu gura duenak, bestalde, udaletxean bertan eskaria eginda jasoko du ale bat.
Berreskurapen lan honen ostean, azpimarratu du Abad euskara zinegotziak, "beharrezkoa da, eta ahaleginak egingo ditugu, izen horiek berriz ere zuzen eta normaltasunez erabiltzeko".