Kontzertuak eta erromeriak, gaur eta bihar, herritar eta bisitarien gozagai.
Antzerki eta musika eskaintza interesgarriak betetzen du Zelaietako San Trokaz jaietako gaur iluntzeko egitaraua; besteak beste, Markeliñe antzerki talde zornotzarraren Carbon Club lanaren emanaldia izango da, 21:30ean, Ferialeku plazan. Ondoren, Sermond’s elorriarren eta Kruders abadiñarren kontzertuak izango dira txosnagunean.
Maiatzaren 22an, 20:00etan, Gerbasen agurragaz jaiari amaiera eman orduko, hiru egun eta gaueko jai egitaraua dago oraindik Zelaieta auzoan bisitari eta herritarren gozagarri.
Maiatzaren 21ean, esaterako, Talde Batuak dantza taldeak antolaturiko Euskal ezkontzaren antzezpena egingo dute Ferialeku plazan, eta kalejira 12:00etan. Ondoren izango den herri-bazkariaren ostean, trikitilarien, abesbatzaren, txistularien eta Luhartz, Gose eta Esne Beltza taldeen doinuak izango dira Zelaietako San Trokaz jaietan.