'Enpresa pribatu baten interesen arabera egin dute planeamenduaren aldaketa'

Anboto 2011ko mai. 10a, 10:58

Joan zen maiatzaren 5ean Abadiñoko Independienteak eta EAJ alderdien bozkekin onartu zuten herriko Arau Subsidiarioen aldaketa puntualaren berri emateko deitu ditu Ezker Abertzaleak hedabideak. Abadiñoko Ezker Abertzaleko lau zinegotziak batu dira agerraldian.

Joan zen maiatzaren 5ean Abadiñoko Independienteak eta EAJ alderdien bozkekin onartu zuten herriko Arau Subsidiarioen aldaketa puntualaren berri emateko deitu ditu Ezker Abertzaleak hedabideak. Abadiñoko Ezker Abertzaleko lau zinegotziak batu dira agerraldian. Prentsaurrekoan azpimarratu dutenez, \"historikoki inongo arautan ez da jaso eremu horren bokazio industriala, eta enpresa konkretu batek bere aktibitatea hor kokatzeko interesa izate hutsa, ez da nahikoa arrazoi udal arauen aldaketa puntual bati ekiteko\". Ezker Abertzaleak agerraldi horretan erakutsitako dokumentazioaren arabera, lehen Viedsa enpresaren eraikina zena eta inguruko 15.000 metro karratuko lursaila da joan zen asteko ez-ohiko udalbatzarrean industrigune legez izendatu zutena. Lasuen Eraikuntzak enpresaren eskari bati erantzunez egin dute, Ezker Abertzalearen berbetan, aldaketa puntuala. \"Uste dugu oso arriskutsua dela interes pribatuaren araberako politika munizipala egitea\", azpimarratu du Araitz Basauri bozeroaleak, eta, \"tamaina honetako aldaketa bat legegintzaldia amaitzear dagoenean\" egitea ere kritikatu du Ezker Abertzaleak. Gobernuak gaia aztertu eta eztabaidatu daiten edo besteon iritziak entzuteko ezelako asmorik ez duela izan ere salatu zuen Ezker Abertzaleak. Arau Subsidiarioetan aldaketa puntuala egitea, \"Udalaren gogoeta batetik barik, enpresa pribatu baten iniziatibatik\" sortu dela dio Ezker Abertzaleak: \"interes partikular batek eragin du planeamendua aldatzea\". Ezker Abertzalearen apustua, \"herri honek behar duen planeamendua diseinatzeko prozesu ahalik eta parte hartzaileena martxan ipintzea\" dela azaldu du Basaurik. Industrial bezala izendatu duten lursaila gaur egun arte bezala gune berde legez mantendu behar litzateke Ezker Abertzalearen ustez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!