Seinaleztatu berri diren ibilbideak ezagutzeko irteerak Urkiolan

Anboto 2011ko mai. 7a, 08:07

Ibilbideetaz gainera, \'txoko historiko, ezezagun zein magikoetara\' hurreratzeko aukera eskainiko du Aldundiak datozen asteetan

Ibilbideetaz gainera, \"txoko historiko, ezezagun zein magikoetara\" hurreratzeko aukera eskainiko du Aldundiak datozen asteetan. Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak hainbat ekintza antolatu ditu datozen asteotarako, Urkiolako Parke Naturala hobeto ezagutzea helburuagaz. Lau irteera burutuko dituzte, eta lagun taldeentzako programa autogidatua ere prestatu dute. Lehenengo irteera domeka honetan bertan egingo dute. Goizeko 09:30ean Dimako Oba auzoan ipini dute hitzordua, eta 12,5 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, Artaun, Mugarrikolanda eta Leunganatik igarota, leku berean amaitzeko; ibilbidearen zailtasun maila ertain-handikotzat jo dute. Ikazkintzak pago motzetan utzitako aztarnak ikusiko dituzte. Bigarren irteera maiatzaren 22rako eratu dute. Goizeko 10:00etan Aramaioko Etxaguen auzoan elkartu eta Ipiztekoarriaga, Zabalaundi eta Lezeaga zeharkatuko dituzte, berriz ere Etxaguenera joateko. Ehun urtetik gorako pago motzek osatutako pagadiak eta Ipizte mendiko harkaitza ezagutzeko eskaintza da; zailtasun maila ertainekoa, 7,5 kilometro luze ditu ibilbide horrek. Ekainaren 5ean, GR Mikeldi ibilbidearen zati bat egingo dute, Atxarten hasi eta amaituz. Ibilbidea Untzillatx mendiaren hegaletik doa, eskalada egiten den horma bertikalen azpitik. Goizeko 09:30ean Atxarteko harrobi zaharrean dute zita; 9 kilometro ibiliko dira, zailtasun ertainean. Ekainaren 19an, kostaldearen eta barnealdearen artean produktuak –ardoa eta arraina, besteak beste– trukatzeko erabiltzen zen GR 38 ibilbidea bisitatuko dute. Urkiolan batuko dira 09:45ean, Urkiola-Otxandio zatia egiteko. Otxandiora helduta, Urkiolara bueltatuko dira, 12:45eko lineako autobusean.

Programa autogidatua

Bestalde, udaberri honetan mantendu egingo du Aldundiak familientzako eta adin guztietako lagun taldeentzako programa. Aldez aurretik emango duten material baten bitartez, bisitariek euren kabuz egin dezaketen ekintza da. Motxila batean ekintzarako beharrezkoa izango den materiala banatuko diete: landa-koadernoa, idazteko materiala, Urkiolako ura aztertzeko testa... Toki-Alai interpretazio zentrora jo behar dute interesdunek. Erakusketa eta hegazti-behatokia lako ekintzak sartu dituzte eskaintzan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!