Txopoa jasota, atzo hasi zituzten San Prudentzio jaiak Traña-Matienan. Aurretik Monica Iglesiasek urteko pertsonaiari ematen dioten saria jaso zuen.
Txopoa jasota, atzo hasi zituzten San Prudentzio jaiak Traña-Matienan. Aurretik Monica Iglesiasek urteko pertsonaiari ematen dioten saria jaso zuen.
Txopoa lepoan zekarten gazteak 20:00etan puntuan heldu ziren Trañabarren eta Laubideta kaleek bat egiten duten biribilgunera. Urtero legez, hainbat izan ziren aurtengo txopoa inoiz baino txikiagoa zela ziotenak eta, urtero legez, txopoa jaso ondoren, horiexek berek iritzia aldatu zuten, iazkoa adinakoa gutxienez bazela komentatuz. Urteroko ohiturak.
Biribilgune osoa hezitzen zuten herritarren begiradapean Iluntze dantza taldeak hainbat dantza eskaini zituen. Ondoren, Monica Iglesiasi urteko pertsonaiaren saria eman zioten, jai batzordean luzaroan egindako lanagatik. Iglesias oso esker oneko agertu zen eta beste hainbat lagun ere gogoratu gura izan zituen. Iluntzek aurreskua eskaini zion hunkituta nabari zen traña-matienarrari.
20:25 inguruan hasi ziren txopo jasotzen eta hamar bat minututan goratu zuten. Txarangak musikaz girotu zuen jaien hasiera, gazteak txopoaren oinaren bueltan saltoka zebiltzan bitartean. Jaiek ez dute atsedenik hartuko datozen egunotan.