Abadiñoko Independienteen udal kudeaketa salatu dute jeltzaleek. 2007ko ekainean, Alkatetza hartu zutenean, Udalean lau milioi euroko superabit-a zegoela nabarmendu du EAJk. Orain, udaleko diru-kutxan 28.000 euro daudela ziurtatu dute
Abadiñoko Independienteen udal kudeaketa salatu dute jeltzaleek. 2007ko ekainean, Alkatetza hartu zutenean, Udalean lau milioi euroko superabit-a zegoela nabarmendu du EAJk. Orain, udaleko diru-kutxan 28.000 euro daudela ziurtatu dute.
Jeltzaleek euren \"haserre\" eta \"desadostasuna\" agertu dute Jose Luis Navarro buru dela Abadiñoko Independienteek egindako udal kudeaketaren aurrean. Nabarmendu dute baita \"jaitsiera garrantzitsu\" hori ez datorrela bat herriarentzako garrantzitsuak diren egitasmoekin: \"Gobernu Taldea bere espektro politikora,Traña-Matiena izan dena, mugatutako inbertsio bisualetara mugatu dira\", dio Axier Garate bozeroale jeltzaleak. \"Inbertsio bisual\" horien artean 2010eko uztailean inauguratuko laku artifiziala nabarmendu dute: Hori egiteko 300.000 euro erabili zituzten \"eta, orain 36.546 euro gehitu behar zaizkio ureztatze sistema integratu bat jartzeko\".
EAJk \"xahubidetzat\" jo duen beste inbertsio batzuk dira \"behin behineko jubilatuen egoitzan\" erabilitako 30.000 euroak eta lorategien ohiko atontze-lanak, \"loretan 30.000 euro arteko fakturak utziz\", dio Garatek.
\"Makillaje politika\"
\"Makillaje politika\" eroan dute Abadiñoko Independienteek, azaldu dutenez, herriaren garapenerako benetan \"garrantzitsuak\" diren gaietaz \"arduratu gabe\": \"Inbertsioak egiteko aprobetxatu beharreko legealdia izan behar zuen azken honek, Udalak aurrezki garrantzitsua lortua zuen-eta\", adierazi du Eneko Etxebarriak, datozen udal hauteskundeetarako jeltzaleen alkategaiak. Landu beharreko egitasmo asko daudela gogoratu du: garrantzitsuenen artean aipatu dute \"herriko hainbat gune urez betetzen direla-eta konpondu beharreko gaia da hori, Abadiñok industria eta lur urbano gehiago edukitzeko aukera emanez\".
Bestalde, jeltzaleek \"lehentasunezkoa\" deritze nekazaritza-auzoetarako ur-hornidura eta saneamendu sarea egitea eta kaleen garbitasun zerbitzua \"herriko kale eta auzo guztietara zabaltzea, Traña-Matienara mugatu gabe\". Baita gizarte zerbitzuen saila bultzatzea ere.
Herriaren \"etorkizunerako garapenean aberastasuna ekarriko duten\" inbertsioen aldeko apostua egitea beharrezkoa da EAJrentzat: \"Abadiñok etorkizunari begirako herriaren planteamendu integratua egiteko gai den gobernua behar du, azken urteetan, alkatetzan den taldeak egin ez duena\".