"Euskaltzainek itzelezko memoria daukate; entziklopediak dira"

Anboto 2011ko api. 9a, 09:49

Aurtengo Korrikan Euskaltzaindia omendu du AEK-k, eta omenaldi horren baitan kokatzen da Ekaitz Herrera abadiñarrak Mondragon Unibertsitateko ikaskide bigaz egindako Zenbait gazte ausart dokumentala. Lizentziatura amaierako proiektua izango da, gainera.

[imgd]http://www.anboto.org/images/9100/9152/1.jpg[/imgd] Zelan sortu zen dokumentala egiteko ideia? Dei bat jaso genuen unibertsitatetik, esanez karrera amaierako proiekturako proposamen bat zutela. AEK-k dokumentalaren eskaera egin zion MUri, eta honek guri luzatu zigun. Animatu eta onartu egin genuen. Jende asko elkarrizketatu duzue. Egia esateko, dokumentalak denbora dezente kendu digu. Irailean hasi ginen, eta ez da denbora asko amaitu genuela; orain pare bat aste aurkeztu genuen Donostiako Kursaalean. Denbora horretan, kotxe eta tramankuluak hartu eta batetik bestera ibili gara; road movie bat zirudien. Gaur Gasteizen, bihar Baionan, etzi Lazkaon... ibili gara. Ezagutu eta ikasteko ere balioko zizuen... Jende interesgarria ezagutu dugu, eta Euskaltzaindiaren zein inguratzen duen mugimenduaren beste aurpegi bat ikusi dugu. Aberasgarria izan da. Zelan banatu duzue lana? Alex produkzio arduraduna izan da, nik dokumentazio eta gidoi lana egin dut, eta Ikerrek kamara eta edizioa landu ditu. Euskaltzaindiaren historiaren errepasoa egin duzue dokumentalean. Ikusi duzunetik, zer nabarmenduko zenuke? Euskaltzainek itzelezko memoria daukatela: entziklopedia batzuk dira! Datak, pertsonak, lekuak... hainbat gauza dituzte akorduan. Bestalde, Euskaltzaindia zerbait instituzionala, zaharra eta eliza usainekoa dela uste dugu sarritan, eta kuriosoa da euskaltzainek bokazioa eta lanerako gaztetasuna dutela ikustea. Aurreiritziak apurtzeko aukera izan da. Euskaltzainetaz gainera, beste gonbidatu batzuk ere izan dituzue dokumentalean. Lehendik ere bazegoen lanen bat eginda, eta bestelako zerbait sortu gura genuen. Gainera, Euskaltzaindia Korrikaren aire eta giro ludikora ekarri gura genuen. Inguruaren lekukotza txertatu dugu. Historia, Euskaltzaindiak AEK sortu zenekoa, AEK bereizi zenekoa, eta euskararen gaineko gogoeta k kontatzen ditugu. Dokumentala ikusi duen jendearen partetik zelako harrera izan duzue? Aurkezpenean, orokorrean, jendeak hitz onak izan zituen guretzat. Batzuek ez zituzten itxaroten hainbat gauza; adibidez, Jean Haritxelhar euskaltzainburu ohiak kamera jaten du; elkarrizketatu dugun zaharrena eta gazteen agertzen dena da bera. Unibertsitateko irakasleek beste begi bategaz kritikatu dute, baina orokorrean balorazio ona egin dute. Egun gutxi barru etorriko da Korrika Durangaldera. Korrika heltzear dagoenean, barruan zaudenean, jende piloa ikustean, itzelezko sentsazioa da. Ni auzo erdaldunean bizi naiz, Traña-Matienan, eta jendea kalera pozik eta gogoz irteten dela ikustea zirraragarria da. Emozio \"txute\" bat da. Dokumental bat egiteko modukoa da Korrika bera... Zenbat herri, lurralde, jende, aurpegi, emozio... Dokumentala ez, baina aipatu behar dut Hamaika Telebistarako grabatzen ibiliko naizela, Korrikagaz egunero. Txandaka egingo dugu lan; gogorra izango da, baina polita ere bai. Lehenago ere ikusi izan zaitugu Hamaikan, kamera aurrean... Udan egon nintzen bertan praktikak egiten, eta esperientzia ona izan zen. Errepikatzea eta, gainera, Korrikaren berri emanez, pozgarria da niretzat. Etorkizunean, telebistan ikusten al duzu zure burua? Medio guztiek daukate bere alde positiboa. Berria egunkarian ere lanean ibili nintzen uda batez, eta gustura jardun nuen. Irratia falta zait barrutik ezagutzeko. Medio konkretu bat baino gehiago, betetzen nauen zerbaitetan lan egitea gurago dut. Hamaikaren kasuan, euskarak betetzen nau. Bestalde, gertutasuna ere gustuko dut; ez du zertan El Pais edo The Guardian izan behar. Eszenatokietan eta barra atzean ere ikusi izan zaitugu. Ez zara geldirik egotekoa... Musikaria naiz, eta Plateruena kafe antzokian ere zerbitzari dihardut. Uste dut ona dela mugitzea, esperimentatu eta ikasteko. Geldirik egotea, hori bai dela tristea! Hori bai: saltsa larregitan sartuta ibiltzea momentu batzuetan oso estresagarria ere izan daiteke.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!