'Badakit gaixotasun bat daukadala, baina nire burua ez dut gaixotzat'!

Anboto 2011ko mar. 25a, 11:01

Jon Karro abadiñarra eredu da norbere burua gainditzeari dagokionez; diabetea izan arren, goi mailako triatloilaria da. Maiatzean Bartzelonako Iron Man-a amaitzen badu, Europako lehenengoa litzateke.

Jon Karro abadiñarra eredu da norbere burua gainditzeari dagokionez; diabetea izan arren, goi mailako triatloilaria da. Maiatzean Bartzelonako Iron Man-a amaitzen badu, Europako lehenengoa litzateke. Noiz diagnostikatu zizuten diabetea? Zein motakoa da eta zer ezaugarri ditu? 2003-2004 inguruan diagnostikatu zidaten 1 motako diabetea. Beste diabete mota bat ere bada, 2 motakoa; pilulak hartzen dira bigarrena, eta eroateko errazagoa da. Nire kasuan, egunean 4-5 aldiz jarri behar dut injekzioa. Horrez gainera, 24 orduroko beste bat ere injektatu behar dut. Gaixotasun kronikoa da, zainduz ezik ondorio larriak izan ditzake; ikusmena galdu, inpotentzia... Hala ere, arazo horiek zaindu ezik agertzen dira, eta ez askok dioten moduan epe luzera. Diabeteak asko baldintzatzu edo aldatu dizu egunerokotasuna? Bai. Diabeteak bultzatu nau helburu handiagoak lortzera. Beti izan naiz kirolaria, baina diabetikoa ez banintz, ez nuke bizitza modu honetara planteatuko. Mugaturik egon arren, gauza asko egiteko gai garela erakutsi gura diet gaixotasun bera daukaten gainerako pertsonei; gehiago kontrolatu behar dugu, baina gauza asko lor ditzakegu.[imgd]http://www.anboto.org/images/9000/9081/1.jpg[/imgd] Kirolik egiten al zenuen diabetea diagnostikatu aurretik? Bai. Hamabi urtez txirrindularitzan aritu naiz; 7-19 urte bitartean. 24 urtegaz, diabetea diagnostikaturik jada, hasi zen istorioa hau: \"Diabetegatik eta diabetearentzat\". Eta lehiatzerakoan, asko baldintzatzen zaitu? Bai, noski. Trantsizioetan glukosa begiratu behar dut, kontrolatzeko. Batez ere, bizikletan noanean begiratzen dut, hirugarren trantsizioan (korrika egiten dena) indarrak hartzeko. Nik nahiko kontrolaturik daukat, badakit noiz begiratu behar dudan, eta noiz sartu behar dudan glukosa ere. Triatloi bakoitzean distantzia jakin bat dago, ordea; ondoen doakidana Olinpikoa deritzona da (1, 5 km igerian, 40 km bizikletan eta 10 km korrika). Otsailean, adibidez, Olinpiko Bikoitz bat probatu nuen, Lanzaroten. Gehiago zaindu behar duzu, baina zorionez dena bikain joan zen: 200 lehiakidetik lehenengo 30en artean amaitu nuen. Nola uztartu daitezke triatloia lako kirol sakrifikatu bat eta diabetea? Segurutik ibilalditxoak egitearekin nahikoa litzateke; hala ere, inkonformista naiz, eta gorputzak eta gogoak gura dutena egitea gustatzen zait. Heldu naizen mailara heltzeko, asko entzun eta ikasi behar da; baita lurrera erori eta altxatu ere. Norberak badaki non dagoen bere muga. Nik gaixotasun bat daukat, baina ez dut nire burua gaixotzat. Oztopo handiak dituzu beste lehiakideekiko? Funtsean, hipogluzemia bat izateko gainerako kirolariek baino 70 bider aukera gehiago ditut. Beste faktore batzuk ere aintzat hartu behar ditut. Edozelan ere, ez dit inork igartzen diabetikoa naizenik, dakitenek bakarrik. Orain gutxi, duatloi eta triatloi denboraldia hasi da. Zer helburu duzu? Bi proba gako ditut aurrera begira: alde batetik, maiatzaren 14an Catalunyako Iron Man proba burutu nahi dut; lortzekotan, Europako lehenengoa nintzateke. Ondoren, Bilbon ospatuko den Iron Man Erdian parte hartu gura dut. Bi proba horiez gainera, beste hainbat lasterketatan lehiatuko naiz. Datorren denboraldirako Team Type 1 taldearekin hitzarmena ei daukazu. Zer berezitasun du taldeak? Zein izango litzateke zure rola? Bai, egia da. TT1 txirrindulari eta triatloilari profesionalek osaturiko talde amerikar bat da; taldekide guztiek 1 motako diabetea dute, hori da taldearen berezitasun nagusia. Lehenago aipatu dudan \'Diabetegatik eta diabetearentzat\' leloa Europan zabaldu gura dute, eta horretarako triatloilari europear bat gura dute; Europako triatloi garrantzitsuetan (Niza, Embrun, Lanzarote, Zarautz...) taldeak ordezkari bat edukitzea da euren helburua. Aurten, baina, Orbeak babestuko nau, eta Level Bikesek ere bai... Ez dut dirua bilatzen, triatloiagaz eta diabeteagaz zerikusia duen edozein ekarpen ondoetorria da. Eskeronekonago laguntzen nautenekin. Ezagutzen duzu zure egoeran dagoen beste inor? Diabetiko ugari ezagutzen ditut, baina ez nik egiten dudana egiten duenik. Argentinar bat dago, eta beste bost amerikar ere bait lantzean behin berba egiten dut eurekin. Kirola lagungarria zaizu aurrera egiteko? Bai, guztiz. Nire ihesbidea da; nire eguneroko \"beste dosia\". Hala ere, pertsona guztiei aholkatzen diet kirola egitea, ez soilik diabetikoei. Aurrera egitea lortu badut, nire emazte Leire Olabegoia, familia eta Mikel Osaren babesari esker izan da, batez ere. Uste duzu diabetea muga bat dela triatloiean lehiatzeko? Batzuetan bai; adi egon behar dut, gorputza zelan erantzuten dabilen eta abar. Zorionez, glukosa etenik barik neurtzen duen aparatu bat ekarriko didate; ez dago merkatuan, oso garestia delako. Mila laborategira jo dugu Itziar Landajo (nire endokrinologoa) eta biok, eta batek kasu egin digu. Diabetea eta kirolari buruzko hitzaldiak ere ematen dituzu. Jendeak eta erakundeak gehiago kontzientziatu behar dutela pentsatzen duzu? Bai. Hasieran ohikoa da galduta ibilitzea. Ez dakizu nora jo. Nire proiektuetan nork lagundu izan dut beti, zorionez. Laguntza handiagoa egon behar da honetan hasten dabilen jendearentzat, edo diabetea ondo erregulaturik ez dutenentzat.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!