Durangaldeko Txistulari Eguna, domekan, Abadiñon

Anboto 2011ko mar. 16a, 09:37

Martxoaren 20an, domekan, ospatuko dute Durangaldeko 56. Txistulari Eguna, hain zuzen, lehenengoz ospatu zuten herrian bertan, Abadiñon. Orain 56 urte jo zuten kalejira bera joaz emango diote domekako ospakizunari hasiera, Santa Cecilia biribilketagaz: Zelaietako Txanporta kultur etxe parean, 11:00etan abiatuko dute eguna.

Martxoaren 20an, domekan, ospatuko dute Durangaldeko 56. Txistulari Eguna, hain zuzen, lehenengoz ospatu zuten herrian bertan, Abadiñon. Orain 56 urte jo zuten kalejira bera joaz emango diote domekako ospakizunari hasiera, Santa Cecilia biribilketagaz: Zelaietako Txanporta kultur etxe parean, 11:00etan abiatuko dute eguna. Eleder Iturrieta eta Yolanda Etxeitak zuzenduta, kontzertua eskainiko dute San Trokaz elizan, 13:00etan, Durangaldeko txistulariek, Done Zezili abesbatzak, eta beste hainbat musikarik. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, orain 1956ko lehenengo edizioan 7 txistularik hartu zuten parte Durangaldeko Txistulari Egunean, eta oraingo honetan 41 txistularik, 5 musikarik eta 20 abeslarik jardungo dute. San Trokaz elizako emanaldian, besteak beste, Benito Lertxundi, Oskorri eta Xabier Leteren kantak eskainiko dituzte musikariek. Durangaldeko Txistulari Egunaren antolatzaileek gogoan hartu gura dituzte Xabier Lete musikari eta poeta, eta 1956ko Txistulari Egunaren lehenengo edizioan parte hartu zuen eta otsailaren 22an hil den Julian Azkarate txistulari abadiñarra. San Trokaz elizako kontzertuaren ostean, eliza pareko plazan \"erregelak\" dantzatuko dituzte: Mikel Azkarraga txistulari abadiñarrak aurreskua, eta Xabier Etxeita garaitarrak atzezkua dantzatuko dute, Josu Arkarazo txistulari abadiñarrak ipiniko duen musikagaz.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!