Sute-detektagailuak 80 urtetik gorako bizilagunen etxeetan

Anboto 2011ko mar. 10a, 12:33

Bizkaiko etxeetan suteak gertatzen diren kasuen %80 adinekoak bizi diren etxeetan gertatzen direla dioten datua kontuan hartuta, prebentzioa helburu duen programa aurkeztu dute Abadiñon asteon: suteen kontrako alarmak instalatuko dituzte 80 urtetik gorako bizilagunak dituzten etxeetan.

Bizkaiko etxeetan suteak gertatzen diren kasuen %80 adinekoak bizi diren etxeetan gertatzen direla dioten datua kontuan hartuta, prebentzioa helburu duen programa aurkeztu dute Abadiñon asteon: suteen kontrako alarmak instalatuko dituzte 80 urtetik gorako bizilagunak dituzten etxeetan. Programaren hartzaileak 80 urtetik gorako herritarrak dira: bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako abadiñarrak, batez ere. Etxean kea sortuz gero, bizilaguna eta auzotarrak ohartaraziko dituen alarma bat ezartzea eta sutea gertatuko balitz zelan jokatu jakiteko oinarrizko jarraibideak eskaintzea ere jasotzen du programak. Durangaldean, besteak beste, Atxondon eta Durangon ere programa bera martxan ipini duen Atiempo enpresaren arduradunak, Jon Ensunzak, azaldu duenez, zerbitzua jasotzeko beharra eta interesa izan dezaketela uste duten berrehundik gora etxetara bidali dute dagoeneko informazioa, zerbitzuari buruzko informazioagaz. Datozen asteetan, programan parte hartzeko interesa adierazten duten etxebizitzetara bisitak egingo dituzte enpresako teknikari batek eta gizarte laguntzaile batek; Ensunzaren berbetan, \"segurtasunari dagokionez etxe horietan dauden gabezia eta beharren azterketa egingo dugu\", eta ondoren instalatuko dituzte suteen kontrako alarmak. Etxez etxeko bisitak egiten martxoaren 14an hasiko direla iragarri du Vazquez zinegotziak, eta 80 urtetik gorako abadiñar guztiak gonbidatu ditu programaren abantailak aprobetxatzera.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!