EAJ: "Gardentasun eta proiektu falta dira legegintzaldi honen laburpena"

Anboto 2011ko mar. 3a, 16:32

Lau urteotan EAJren bozeramailea izan den Axier Garate zinegotziak egin du legegintzaldiaren balorazio orokorra; \"gardentasun, informazio eta gobernuaren egitasmorik eza eta zentzugabekeria\" dira, bere berbetan, udal gobernuaren jarduna definitzen duten hitzak.

Legegintzaldiaren balorazioa egiteko batu dira Zelaietako Batzokian prentsaurrekoan, azken lau urteetan oposizioan egon diren Matias Sendino, Axier Garate eta Marian Larrauri zinegotzi jeltzaleak. Urteotan EAJren bozeramailea izan den Axier Garate zinegotziak egin du legegintzaldiaren balorazio orokorra; \"gardentasun, informazio eta gobernuaren egitasmorik eza eta zentzugabekeria\" dira, bere berbetan, udal gobernuaren jarduna definitzen duten berbak. Udal gobernuan urteak eman ondoren, EAJk legegintzaldi hasieran \"oposizio eragoztailea egiteko asmorik ez\" zeukala dio Garatek: \"Negoziaziorako eskua luzatuta ekin genion legegintzaldiari; ondoren kendu egin behar izan dugu\". Bestalde, Talde Independienteak herriko \"auzune batzuetan bakarrik\" jardun duela eta \"nekazalguneak ahaztu\" dituela salatu du Garatek. Besteak beste, hirigintza eta mendien batzordeetan EAJren ordezkaria izan den Sendinok, bestalde, legegintzaldi honetan Urkiolako parkearen inguruan behin ere ez dutela jardun eta gobernuak batzordeok oso gutxitan deitzen dituela kritikatu du. Talde Independienteko alkateak \"dekretu bidez gobernatu\" duela azpimarratu du Sendinok, eta horren adibide legez aurkeztu du, otsaileko udalbatzarrean ere eztabaida piztu zuen Traña-Matienan kiroldegia eraikitzeko proiektua. Oposizioan zeudenean Independienteek jeltzaleen kontra zabaldutako \"difamazioez\" eta gaurko \"koherentzia ezaz\" aritu zen Ogasun batzordean jeltzaleen ordezkari izan den Larrauri zinegotzia. Adibide legez ipini du, 2006an EAJ gobernuan zegoela, alkatearen solda jaistea proposatuz zuzenketa egin ziotela Independienteek jeltzaleen aurrekontu proposamenari; \"alkatearen soldata %20 murriztea eskatzen zuten\". Larraurik salatu duenez, \"udal gobernura ailegatu direnean, urtebete beranduago arte ez dute neurrik hartu, eta azkenean burutu duten murrizketa %10ekoa izan da\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!