Sei langaberi kontratua, sei hilabeterako

Anboto 2011ko ots. 28a, 10:13

Datozen sei hileetan, hainbat jarduera egingo dute hiriko guneak eta kaleak hobetzeko. Besteak beste, hiri-altzariak mantentzeko lana egin, seinaleak hobetu, eta lauza berriak jarriko dituzte kaltetutakoen ordez.

Datozen sei hileetan, hainbat jarduera egingo dute hiriko guneak eta kaleak hobetzeko. Besteak beste, hiri-altzariak mantentzeko lana egin, seinaleak hobetu, eta lauza berriak jarriko dituzte kaltetutakoen ordez. Abadiñoko Udalak sei langabe kontratatu ditu, sei hilabeterako kontratua eginez, +Euskadi 09 planaren barruan Eusko Jaurlaritzak emandako 57.700 euroko laguntzari esker. Dagozkien lanpostuetan lanean hasi diren sei langileak -lau peoi eta bi ofizial- Lanbidek aukeratu ditu, lanik gabe dauden eta langabeziako laguntzarik ez duten udalerriko herritarren artean. Sei lagun horiek aintzat hartuta, guztira, herriko hamalau langabek hartu dute parte azken hamabi hilabeteetan era honetako udal-planetan. 2010ean, Enpleguko Institutu Nazionalak emandako diru-laguntzari esker, zortzi langabe aritu ziren Abadiñoko Udalarentzat, gaueko zaintzan, bide-segurtasunerako laguntzan eta espaloiak konpontzeko lanetan. Abadiñoko alkatea den José Luis Navarrok azaldu duenez, udalerriko langabeziako datuek behera egin dute azken hilabeteetan, eta joan den urtearen amaieran 382 langabe zeuden. Hala ere, alkateak nabarmendu du langabeziaren aurkako borroka gobernu-taldearen lehentasunetako bat dela. Alkateak adierazi duenez, \"langabezian dauden Abadiñoko familien egoera pertsonal tragikoa ikusita, bidezkoa da Udalak ahal duen guztia egitea lagun horiek lanean has daitezen berriz\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!