Ekoizleen iritzia

Anboto 2011ko ots. 24a, 12:35

Baserritik plazara egitasmo berriak baserritar ekoizleei bultzada ematea eta duintasunez lan egin dezaten baliabideak eskaintzea ditu helburu.

"Merkatuen kontrolean eta dinamizazioan lan egitea da udalei eskatzen dieguna" Atxarte Gazta ekoizten du Abadiñon Patxi Solanak, eta Matienako eta Durangoko merkatuetan egoten da. [imgd]http://www.anboto.org/images/8900/8905/1.jpg[/imgd] Zer merkatutan hartzen duzu zuk parte? Traña-Matienako eguaztenetako merkatuan eta zapatuetako Durangokoan egoten naiz. Zazpi-zortzi urte daramatzat gazta egiten eta merkatuetara joaten. Zer zailtasun dauzkazue ekoizle txikiek? Hainbat gairen eraginez sorturikoa da arazoa; batetik, gainerako arloei bezala gureari ere eragiten dien egoera ekonomikoa dago. Bestetik, merkatalgune handien eragina, eta erosteko ohituretan gertaturiko aldaketak ere kaltetzen gaitu. Produktuen kalitatean eta ekoizlearekiko gertutasunean ere badauka eragina horrek. Merkatuei dagokienez, zer arazo edukitzen duzue? Bi egoera dira Abadiñokoa eta Durangokoa. Biak udalaren ardurako merkatuak diren arren, egoera oso desberdinak bizi ditugu bietan. Matienan udalak badarama kontrola, baina Durangon ez dago beharrezko kontrolik: birsalmenta merkatu bilakatzen dabil Durangokoa. Merkatu bietako arazoa da, baina, birsalmenta. Bai. Saltzen duten produktuaren ekoizle ez direnek sortzen digute arazo handiena. Ortuarien alorrean gertatzen da birsalmenta gehien: sasoikoak ez diren produktuak saltzeko produktuak erosi eta saltzen ditu hainbatek. Sasoi honetan, esaterako, gure ortuetan azak eta letxuga txikiak baino ezin dira hazi. Badaude merkatuetan, eurek ortuetan ekoizten dutenagaz batera, Merkabilbaon edo beste denda batean erositako ortuariak saltzen dituzten ekoizleak. Lokalak eta lizentziak ordaintzen dituzten dendariei ere konpetentzia desleiala egiten diete. Zelan erantzuten du kasu horietan kontsumitzaileak? Merkatalgune batean eskuratu ditzakeen produktuak topatuko baditu, merkatura joateari zentzurik ez dio ikusten kontsumitzaile askok. Merkatalgune handi batean salduko dizkizutenak lakoak badira produktuak, merkatura joateak zentzua galtzen du. Zein da udalei egiten diezuen eskakizun nagusia? Oinarrian, udalei konpromisoa eskatzea da beharrezko ikusten duguna: birsalmenta egiten duten horiek kontrolatzeko sistemak ezarri ditzatela, batetik. Aldi berean, merkatuak dinamizatzeko esfortzua ere eskatzen diegu udalei. Gu prest gaude horretan laguntzeko eta ekintza bereziak antolatzeko; esaterako, merkatuan lantzean behin gaztaren, txakolinaren eta piperraren eguna antolatzeko. -------------------------------------------------------------------------------------------------------------------- "Erosleen ohiturak aldatu egin dira, eta eremu berriak bilatzea garrantzitsua da" Patxi Bazeta abadiñarrak ilusioz hartu du egitasmoa. Ekoizle direnentzat sostengu garrantzitsua dela dio. [imgd]http://www.anboto.org/images/8900/8905/2.jpg[/imgd] Birsalmenta egiten dutenek kalte handia eragiten dizuete? Birsalmenta geratu beharra dago, zelan edo halan. Abadiñon, Traña-Matienan, bat egon ohi da, baina Durangokoa lotsagarria da; bost edo sei daude. Bidegabeko lehia egiten dute. Udaletxera hainbat bider joan gara hori salatzera, baina orain arte ez dute ezer egin. Zelan hartu duzu Urkiola landa garapen elkartearen egitasmoa? Ilusioz hartu dut. Durangalde osorako baliagarria izan daitekeela uste dut. Logotipoagaz, kontsumitzaileek nori zer erosten dioten jakingo dute. Orain arte ez zegoen ezelan erregulatuta, eta egin beharra zegoen; aurrepausua da. Era berean, birsalmentari aurre egiteko ere balioko du. Ahal dela, birsalmenta praktikatzen dutenak alboratu egin behar dira azoketatik; modu horretara saldu gura duenak, denda bat ipini dezala. Eroskiren aparlakeluan azoka sortzea zer iruditzen zaizu? Oso ondo. Jendearen eta, beraz, erosleen ohiturak aldatu egin dira. Plazara geroago eta jende gutxiago etortzen da, eta eremu berrietan probatu beharra dago. Barikuetan supermerkatura 5.000 bat lagun joaten direla diote; bostetik bat merkatura bisitan etorriko balitz, ederto legoke! Zuzeneko salmenta da baserritar ekoizleen etorkizuna? Udan etxetik bertatik saltzen dut produktuen %50. Horrez gainera, Abadiñoko eta Durangoko azokara ere joaten naiz, eta beste pare bat dendariri eta tabernariri ere saltzen diot. Baina, bai, oro har salmenta zuzena da etorkizuna: saldu eta poltsikora. Kontsumitzaileei sasoian sasoiko produktuak zeintzuk diren ere jakinarazi gura zaie. Aurtengo negua gogorra izan da; hotz egin du eta lainotuta egon da. Orain erosgai ipintzen ditugun produktuak hauek dira: azak, zerbak, porruak, azenarioak, letxugak eta perrexila. Eta posturen batean tomateak topatzen baditut? Garbi esanda, ez da hemengoa. Beste hainbeste, baba beltzekin eta ilarrekin ere. Azenarioa ere, orri freskoak baditu ez da hemengoa izango. Gainera, birsalmentakoekin alderatuta, guk produktu gutxiago izaten ditugu postuan, sasoikoak bakarrik, eta kontsumitzaileen aurrean geu geratzen gara txarto. Ez hori bakarrik: erosleari birsalmentako produktuak etxepeko dendan aurkitu ditzakela esanez gero, ez da berriro etorriko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!