\"Toki Administrazioaren araudiak proiektuak lizitatzeko zehazten dituen prozedura administratiboak ez dituzte bete\", diote.
Astelehenean aurkeztu zuen alkateak proiektua; asteon aurkeztu du Ezker Abertzaleak helegitea.
Herritarren eta eskolako gurasoen \"urteetako eskaria gauzatzea\" dela esanez aurkeztu zuen, astelehenean prentsaurrekoan, Jose Luis Navarro alkateak egitasmoa: Traña-Matienan, kirola egiteko estalitako gunea eraikitzeko aurre-proiektua erakutsi zuen hedabideen aurrean. Gobernu taldearen aurreikuspena lanak burutuko dituen enpresa asteon hautatzea dela azaldu zuen Navarrok. \"Auzoko jaietarako, azpiegitura berria udaberrirako amaituta edukitzea\" itxaroten dutela azaldu zuen.
Orain aparkaleku legez erabiltzen duten harezko futbol-zelaian beheko infografian ikusten dena lako kiroldegia eraikiko dutela esan zuen alkateak, eta 524.890 euroko aurrekontua duela.
Hain zuzen ere, proiektuaren finantzabideari buruzko helegitea aurkeztu du Ezker Abertzaleak: \"Toki Administrazioaren araudiak proiektuak lizitatzeko zehazten dituen prozedura administratiboak ez dituzte bete\". Hau lako proiektu bat finantzatzeko -eta udalak aurrekonturik onartu barik ez daukanez- beharrezkoa den kreditu aldaketa egiteko, legez, udalbatzarraren galbahea igaro behar dela dio Ezker Abertzaileak; \"halako aurrekontua daukan proiektu bat adjudikatzea ez dago alkatearen eskumenen artean\".
Horrelako proiektu bat burutzeko beharrezkoa den \"sakoneko eztabaidarik\" ez dela sustatu ere salatu du Ezker Abertzaleak: \"Hirigintza Batzordean mahaigaineratu zuten proiektua, aurrez gugaz ezer landu barik\", kritikatu du Basauri zinegotziak.
\"Operazioak juridikoki pegarik daukanik ez dugu uste\", esan digu, aldiz, Axier Garate jeltzaleak. Bere berbetan, beste kontu bat da \"gobernuaren jarrera politikoki kritikagarria\" izatea: hauteskundeei begirako ekimena da EAJren ustez Independienteena.