Jose Luis Navarro alkateak, eta otsailaren 3ko azokarako babesle duen BBK-ko ordezkariak egin dute, gaur bertan hasiko den egitarauaren aurkezpena.
Jose Luis Navarro alkateak, eta otsailaren 3ko San Blas eguneko Abadiñoko Nekazal, Artisau eta Abeltzain azoka antolatzen babesle duen BBK-ko ordezkariak egin dute, gaur bertan hasi, eta otsailaren 13ra arteko hainbat proposamen hartzen dituen egitarauaren aurkezpena. Ohiturazko hainbat hitzordu, eta beste zenbait berritasun ere jasotzen ditu 2011ko San Blas jaien programazioak.
Gaurko, urtarrilaren 28ko 21:00etarako Gaztetxean antolatu duten bertso afaria da aurtengo San Blas jaietako egitarauak jasotzen duen lehenengo hitzordua: Beñat Ugartetxea bertsolari mallabitarra, eta urte amaieran Bizkaiko Bertsolari txapelketan irabazle hautatu zuten Arkaitz Estiballes galdakoztarra girotuko dute afalostea. Ondoren, Gogaikarri bertso eskolak antolatu duen \'Koipelustre\' kopla jarrien txapelketaren sari banaketa egingo dute.
\"Kontrola eramateko\"
Gaurko agerraldian baina, orain astebete EAJ-ko zinegotziek eta ENBA sindikatuak udal gobernuak abeltzain azoka antolatzeko aurten hartutako bideari egin zioten kritikari erantzun dio Navarro alkateak: bere berbetan, aurten, abeltzain azokan parte hartu ahal izateko aurrez izen-ematea baldintza moduan ipinita (euren abelburuak salgai ipintzera datozenen zenbateko zehatza jakinda) udalak azokaren kudeaketa hobea egitea izan dute helburu.
Navarrok azpimarratu duenez, \"orain arte, azokara zenbat abelburu ekarriko zituzten jakin barik antolatu behar izan dugu eurentzako espazioa, eta aldaketa egin badugu, kontrola hobeto eramateko izan da\". Agerraldian bertan galdera egiterakoan, otsailaren 3ko abelburuen salerosketarako karpan egon ahal izateko zenbat abeltzainek eman duten izena oraindik ezin duela zehaztu erantzun du alkateak. \"Denborak esango du hartutako neurria egokia izan den ala ez\", azpimarratu du Abadiñoko alkateak.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, iaz lehenengoz egin zuten bezala, hiru karpatan banatuta ipiniko dute ganadua: salerosketarako ekarritako abelburuak egongo dira gune batean, hainbat arrazatako abelburuak beste batean, eta bertako arrazatako abelburuak hirugarren karpan. Orain arte bezala, bai ganadu azokan eta baita ortuarienean, erakusmahairik eta abelbururik onenentzako sariak emango dituzte.
Otsailaren 3ko, San Blas eguneko jai-giro bete eta egitarau zabalaren aurretik baina, domeka honetarako ere jasotzen du proposamenik jai egitarauak: urtarrilaren 30ean, domekan, esaterako, 09:00etan Gerediaga auzoko baselizatik irtenda, ohiturazko \'Auzorik auzo\' ibilaldia burutuko dute hainbat herritarrek.