José Luis Navarrok \"pozik eta harro\" dagoela esan du, udalaren eta Osakidetzaren arteko negoziazio \"zailak eta konplexuak\" posible egin duelako Traña-Matienako osasun zentroa zabaltzeko akordioa.
José Luis Navarro Abadiñoko alkateak \"harro\" dagoela esan du, udalaren eta Osakidetzaren arteko negoziazio \"zailak eta konplexuak\" posible egin duelako Matienako osasun zentroa zabaltzeko akordioa. Duela gutxi, udalbatzak ontzat eman zuen 180 metro karratuko lokala Osakidetzari ematea, zabaltze hori aurrera eramateko. Alkateak adierazi duenez, \"aurreikusita dago berritzeko obrak 2011. urte hasieran hastea\".
Alkateak nabarmendu du Osakidetzarekin egindako negoziazioak \"luzeak eta zailak\" izan direla, gaur egungo krisi egoera dela-eta, bereziki. Gaineratu duenez, \"aurrekontuak murriztu behar izan ditugu\".
\"Bilera, proposamen eta aukera ugari egin ditugu Osakidetzak Abadiñoko proiektuari lehentasuna eman eta aurrera eraman dezala lortzeko. Eta eskerrak eman nahi dizkiogu Eusko Jaurlaritzari; azkenean, bertako arduradunek ulertu dute Abadiño bezalako udalerri txiki baina garrantzitsu baten osasun beharrak ezin direla alde batera utzi\", azpimarratu du Navarrok.
Berrikuntza horri esker, osasun zentroak bi mediku kontsulta eta bi bulego berri izango ditu, baita kirurgia txikiko zerbitzuak ere. Gainera, odontologia zerbitzua zabalduko dute, bi erizaintza kontsulta eta bi medikuentzako kontsulta egokituko dituzte. Administrazio eremuak birmoldatuko dituzte, itxarongelak zabalduko dituzte, eta bainugela publikoak eta pribatuak, biltegia eta liburutegia berrituko dituzte.
Navarrok gogoratu du duela urte bete Udalak ontzat eman zuela zahar-etxea Matienako eskolen albora lekualdatzea, eta lokal zaharra libre uztea, osasun zentroa zabaltzeko.