Asteleheneko urteko azkenengo udalbatzarrean, berriro mahai-gaineratu zuen udal gobernuko Talde Independienteak jubilatuen egoitza izandako 170 metroko udalaren lokala lagatzeko proposamena: gobernuaren eta EAJren botuekin onartu zuten lagatzea, eta abstenitu egin zen ezker abertzalea.
Urriko udalbatzar batera eraman zuen udal gobernuak lehenengoz, Traña-Matienako jubilatuen etxea izandakoa Osakidetzari lagatzeko proposamena: kontra bozkatu zuten orduan ezker abertzaleak eta EAJk. Asteleheneko urteko azkenengo udalbatzarrean, berriro mahai-gaineratu zuen udal gobernuko Talde Independienteak jubilatuen egoitza izandako 170 metroko udalaren lokala lagatzeko proposamena: gobernuaren eta EAJren botuekin onartu zuten lagatzea, eta abstenitu egin zen ezker abertzalea.
Osakidetzak auzo horretako anbulategia handitu dezan Traña-Matienako udalaren lokala Osakidetzari lagatzea jasotzen du astelehenean onartutako idatziak, eta baita, jeltzaleek udalbatzarrean bertan proposatu zuten beste klausula bat ere: bertan esaten denez, Traña-Mateinako zentrua handitzea ekarriko duen erabaki honek herriko gainontzeko auzoetako osasun zerbitzuan kalterik ez ekartzea bermatu beharko du Osakidetzak.
Hain zuzen, Matienako anbulategia handituta, herriko gainontzeko auzuneetako osasun zerbitzuan dauden gabezia eta beharrak asetzat eman ditzakeela Osakidetzak zen urrian lagatzearen kontra jeltzaleek eta ezker abertzaleak emandako arrazoia. Asteleheneko plenoan onartutako agiriarekiko ere, urrian adierazi zituzten zalantzak izateko arrazoiak dituztela nabarmentzen du ezker abertzaleak: \"Osakidetzagandik herri osoaren beharrizanak kontuan hartuko zituen konpromezu bat lotzeko aukera izan du udalak\", dio Basauri zinegotziak, eta aukera hori joaten utzi dutela azpimarratzen du.
Udaleko gobernu taldeak urrian proposamena egin zuenean, \"zalantza asko\" zeuzkatela eta \"informazio gehiago behar genuela\" zutelako bozkatu zutela kontra azaldu zuen Axier Garate jeltzaleak. Ordutik baina, Osakidetzaren asmoen berri ematen duen txostena jaso dutela Udalean nabarmendu du Axier Garate zinegotzi jeltzaleak. \"Benetan Traña-Matienako zentrua handitzeko beharrizan larria dagoelako, eta Osakidetzaren zerbitzua hobetzeko konpromezua lortu dugulako\" dio Garatek bozkatu dutela orain lokala osasun erakunde publikoari lagatzearen alde.
Osakidetzari lokala lagatzeko beraz, baldintza bezala ipini dute, \"udalerriko gainontzeko zentruetan eskaintzen den zerbitzua mantentzea, eta beharrizana balego handitzea\", Garateren berbetan. Horrek, \"egoera surreralista bat sortuko du\", ezker abertzaleko bozeroalearen hitzetan: \"gainontzeko auzoetan arazoa egon dagoeneko badago, eta lagatzea indarrean jartzen den lehenengo unetik egongo da azken baldintza hori bete barik\". Behin lokala Osakidetzari laga ostean, \"nor joango da orduan kontratua bete ez duelako, Osakidetzari kontu eske?\", galdetzen du Basaurik.