Elikagaiekin betetako hiru edukiontzi, Sahararako

Anboto 2011ko ots. 10a, 16:28

Gainera, udalak 3.000 euroko diru laguntza eman du, Tindufeko biztanleentzako azukrea eta konpresak erosteko

Gainera, udalak 3.000 euroko diru laguntza eman du, Tindufeko biztanleentzako azukrea eta konpresak erosteko. Abadiñoko Udalak Herria elkarteari hiru edukiontzi eman dizkio, herritarrek emandako jakiekin. Durangoko elkarteak Saharara bidaliko ditu edukiontzi horiek. Halaber, 3000 euroko diru laguntza eman dio, Abadiñoko supermerkatuetan azukrea eta konpresak eros ditzan. Marisa Vazquez Kultura zinegotziak azaldu duenez, produktu horiek Tindufeko errefuxiatu eremura eramango dira, edukiontziekin batera. Edukiontziek erosketa orga baten tamaina dute, eta Matiena eta Muntsaratz auzoetako bizilagunek eman dituzte bildutako jakiak. Jatekoak eta konpresak kamioiz garraiatuko dira Saharara otsaila amaieran, kanpaina honetan parte hartu duten Durangaldeko beste udalerrietan jasotakoekin batera. 3.000 euroko laguntza Abadiñoko bi supermerkatuetan gastatu beharko da, bertan egin baitzen kanpaina. Marisa Vazquez zinegotziak adierazi du Abadiñoko bizilagunek emandako jakiek islatu egiten dutela udalerria oso kontzientziatuta dagoela Tindufen bizi diren pertsonen egoera estuarekin.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!