Ezker abertzaleko lau zinegotziek sinatutako, eta martitzeneko udalbatzarrean Udaleko beste alderdi biei proposatutako mozioan jasotzen da, \"udalerrian dauden sinbolo frankista guztiak ahalik eta lasterren\" kentzeko eskaria. Aho batez onartu zuten ezker abertzalearen proposamena.
Ezker abertzaleko lau zinegotziek sinatutako, eta martitzeneko udalbatzarrean Udaleko beste alderdi biei proposatutako mozioan jasotzen da, \"udalerrian dauden sinbolo frankista guztiak ahalik eta lasterren\" kentzeko eskaria. Aho batez onartu zuten udalbatzarrean zeuden hamabi zinegotziek ezker abertzalearen proposamena.
Diktadura garaiko Etxebizitzaren Ministerioak eraikitako herriko etxebizitza askoren etxaurretan \"oraindik orain sinbolo frankistak\" egoteari onartezin iritzita eraman zuen ezker abertzaleak proposamena udalbatzarrera. Besteak beste, Falangearen uztarria eta geziak agertzen dituzten frankismo garaian ipinitako plaka horiek etxaurretatik kentzea, eta horregaz batera, \"herriko talde, elkarte eta herritarrak sinboloen kokapena jakinaraztera gonbidatzea\" ere jasotzen du atzo onartutako mozioak.
Sahararrekin elkartasuna
Azaroko udalbatzarraren gai-ordenean sartu barik zegoen, baina ezker abertzaleko lau zinegotziek \"urgentziazko\" moduan, plenoan eztabaidatu zezaten aurkeztu zuten \"Saharar herriarekin bat\" izenburudun mozioa. \"Egunak pasa dira Marokoko ejertzitoak Aaiun herriko bizilagunak indarrez botatzeko hautua egin zuela\", salatzen du idatziak, eta horren harira udalaren Saharar herriagazko elkartasuna adierazteko bost puntu jasotzen ditu.
Besteak beste, \"udal honek Marokoko armadaren esku hartzea salatzen du\", eta, \"sahararren aurkako errepresioa gelditzeko eskatzen du\", edo, \"udal honek babes osoa agertzen dio herri sahararri\", eta \"bere askatasuna lortzen laguntzeko konpromisoa berresten dio\", dira mozioan jasotako puntuetako zenbait.
Axier Garate bozeroale jeltzaleak, \"nahiz eta orain hemen ez daukagun, guk ere gaiari buruzko testu bat daukagu prest, eta gaia hurrengo plenorako uztea eskatzen diet proposatzaileei\", adierazi zuen. Ezker abertzaleko Arkarazok, \"hurrengo udalbatzarrera arte itxaroteak eraginkortasuna kenduko lioke mozioari\", erantzun. Gaia bozketara aurkeztu zuten, eta \"testuan esaten dena ontzat hartzen baduzue alde bozkatu dezakezue, eta hurrengo plenora zuen idatzia ekartzen duzuenean bertan adierazitakoagaz ados bagaude guk ez daukagu arazorik alde bozkatzeko\", bukatu zuen Igor Arkarazo ezker abertzaleko zinegotziak.
Atzoko plenoan zeuden ezker abertzaleko hiru zinegotzien aldeko botuekin onartu zuten Saharari elkartasuna adierazteko mozioa, eta proposamenaren aurrean abstentzioaren aldeko hautua egin zuten Abadiñoko Independienteak eta EAJ alderdietako bederatzi zinegotziek.