Musika konposatzea maite du Alejandra Navarro abadiñarrak. Berak sortutako abesti bategaz Izarren Distira gazteen talentu txapelketa irabazi zuen pasa den zapatuan.
Musika konposatzea maite du Alejandra Navarro abadiñarrak. Berak sortutako abesti bategaz Izarren Distira gazteen talentu txapelketa irabazi zuen pasa den zapatuan. Musikaren bidetik ikusten du bere bizitza eta pianoagaz eta gitarragaz kantuak sortzen jarraitzeko gogoagaz dago.Abestia entzuteko:Zelako esperientzia izan da?
Oso ona. Ondo pasatu dugu eta jendea ezagutu ere bai, oso ona izan da esperientzia.
Lehenengo kastingak izan zenituzten, gero gala...
Bai! Kastingean urduritasun handiagaz egon nintzen, eta gero finalera pasatu nintzela jakin nuenean, gehiago!
Zuk sortutako abesti bategaz parte hartu duzu. Zelakoa da abestia?
Pixka bat tristea da. Ume batek bere amatxori kantatzen dion abestia da, eta amak bere buruaz beste egin gura duelako kantatutakoa.
Txapelketarako sortutakoa da edo arinago sortutakoa?
Arinago sortu nuen, orain dela urte eta erdi edo bi urte. Madrilen nire osaba baten lagun baten estudioan grabatzeko aukera eduki nuen. Ordutik hainbat txapelketetan parte hartu dut eta denetan abesti horrekin parte hartu dut.
Abesti bat baino gehiago sortu dituzu?
Bai, euskaraz bi dauzkat, eta hiru edo lau gazteleraz dauzkat. Pianoagaz edo gitarragaz jotzen ditut.
Zertan inspiratzen zara abestiak egiteko?
Bat-batean etortzen zait. Etxean egon, eta halako baten pentsatzen hasten naiz eta idatzi egiten dut. Pianoa gertu edukita notak jotzen hasten naiz... horrela izaten da.
Zer dator arinago, musika edo letra?
Normalean lehenengo musika egiten dut eta gero hasten naiz idazten.
Noiztik zabiltza musika munduan?
Pianoa orain dela 6 edo 7 urtetik jotzen dut, eta gitarra ikasten bi urtez egon nintzen. Biekin ondo moldatzen naiz. Abestiak konposatzeko gehiago gustatzen zait agian pianoa, baina gitarra ere asko gustatzen zait.
Zer gairi kantatzen diezu?
Normalean gaiak nahiko tristeak izaten dira. Maitasunari kantatzen diot gehienetan; maiteminduta nagoela, baina kontua ez doala ondo...
Hemendik aurrera musikagaz jarraitzeko asmoa daukazu?
Bai, asko gustatuko litzaidake. Musikagaz lotutako etorkizuna edukitzea espero dut. Nagusitan musika magisteritza ikasi gura dut, ea ahal dudan. Niretzako musika nire bizitza da.
Zelako musika gustatzen zaizu?
Guztia. Diskoteketan jartzen dutena, popa, rock pixkat...
Oraindik aurrera, zer?
Lehiaketa gehiagotara aurkeztea espero dut, eta apurka-apurka urduritasuna kentzen joatea. Batzuetara aurkeztu naiz eta jada ez naiz hain urduri ipintzen, baina publiko aurreko beharra lantzen jarraitu gura dut.