Udalaren hirigintza politika salatzeko ekintza

Anboto 2010ko aza. 16a, 09:12

Udal gobernuak bultzatzen duen hirigintza politika salatzeko helburuagaz burutu zuen ezker abertzaleak argazkiko protesta ekintza.

Udal gobernuak bultzatzen duen hirigintza politika salatzeko helburuagaz burutu zuen ezker abertzaleak argazkiko protesta ekintza: Muntsaratz, Zelaieta eta Traña-Matiena auzoetan, kalean ipini zituzten kanpin-dendetan itsasitako kartelen bitartez zabaldu zituzten euren aldarrikapenak: duten soldata gutxiengoa baino txikiagoa delako babeseko etxebizitza baten zotz egitean parte hartzerik ez dutenen, edota bankuek hipotekarik eman dietenen abadiñarren egoerak zabaldu gura izan zituzten herrira. \"Herriko gazte askok, eta baliabide ekonomiko murritzak dituztenek udal gobernuaren hirigintza politikaren ondorioz bizi duten egoera bistaratzea\" gura izan du ezker abertzaleak zapatu eguerdiko ekintzarekin. \"Etxebizitzak badaudela, eraikitzen jarraitzen dutela, baina jendeak ezin dituela etxe horiek erosi\", dela egungo egoera azpimarratzen du ezker abertzaleak. Abadiñoko Independienteak taldeko gobernuak, eta \"hirigintza politika berak bultzatzen dituzten jeltzaleek\", herritarren gehiengoak eskuratu ezin dituzten 400dik gora etxebizitza eraiki gura dituztela azpimarratzen du ezker abertzaleak, eta politika horren ordez eurek bultzatzen dutela aurkeztu dute. Izan ere, \"neurribako\" jotzen baitu ezker abertzaleak, \"azken urteetan Abadiñon egin den moduan, eta herrian 300 etxebizitza huts daudenean, ehundaka etxebizitza berri eraikitzea\". Etxebizitza huts horiek kudeatzeko formulak bilatzea eta alokairu publikoa sustatzea dira ezker abertzaleak udal hirigintza politikarako defendatzen dituen alternatibak. Hain justu, udal gobernuan dauden Independienteek eta jeltzaleen botuekin, orain aste batzuk onartu zuten Muntsaratzeko (UR-8 eremuko) prezio tasatuko etxebizitzen baldintzak zehazten dituen hitzarmenaren aldaketa ere gogor kritikatu dute ezker abertzaleko kideek. Prezio tasatuko etxebizitza horietariko bat edukitzeko baldintzak malgutzea, \"diru arazorik ez daukan jendeak erosi ditzan\" egin dituztela uste dute. Bestalde, Traña-Matienan (UR-6 eremuan) ere, udaleko alderdi guztiek aho batez onartu zuten eraikuntza proiektuan jeltzaleen aldeko bozkagaz gobernuak orain hilabete batzuk egin zituen aldaketak ere salatu dituzte: \"proiektua zegoen bezala ez zela errentagarria esan zuen etxebizitzen eraikitzaileak, eta hasierako proiektuan jasotako etxebizitza kopuruaren bikoitza egitea\" proposatu zuen, eta ezker abertzaleak asteon gogorarazi duenez, aldaketari baietza eman zioten Independiente eta jeltzaleek.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!